Babelgo dorrea

Babel dorrea, Gustave Dorék irudikaturik.

Babelgo dorrea, Babeleko dorrea edo Babel dorrea Bibliako Hasiera liburuko kontakizun batean agertzen den dorre bat da. Kontakizuna antzinako beste kultura batzuetako mitoa ere bada. Biblian kontatzen denaren arabera, uholdearen kontakizunaren ondoren,  Noeren ondorengoek zeruraino iritsiko zen dorre eraiki nahi izan zuten, ospea irabazteko. Jainkoa jaitsi zen zeruetatik dorrea ikustera, eta dorrean lanean ziharduten guztiek hizkuntza berbera zerabiltela ikusita, haien hizkuntzak nahastu zituen, elkar ulertu ez eta eraikuntza eragozteko. Geroztik, dorreak Babel izena hartu zuen, hebraierazko balal hitzetik, nahasi esan nahi duena. Beste hipotesi baten arabera, Babel izena akadierazko bab-el hitzetatik dator eta Jainkoaren atea adierazten du. Geroztik, babel hitza anabasa, nahasmena eta kaosa adierazteko ere erabiltzen da, metafora moduan.

Kontakizunak ba omen du oinarri historikorik, eta egun onartzen da askoren aldetik Babelgo dorrea K.a. XII. mendean Nabukodonosor Babiloniako erregeak agindutako eraikuntza izan zela, zigurat itxurakoa.

Babel dorrearen kontakizuna mito gisa agertzen da hainbat kulturetan, aldaerekin bada ere, hala nola Afrikan, Ertamerikan eta baita mitologia grekoan ere, Titanen Uranosen aurkako matxinadan. Bibliako kontakizunean, uholdearen ondoren, gizakiek Jainkoaren aurka burutu nahi izan zuten matxinada gisa interpretatu da. Beste batzuen arabera, gizakien aniztasuna azaltzeaz gainera, elkar ulertu eta bizitzeko zibilizazioaren beharra ondorioztatzen duen mitoa da.

Artean behin eta berriz irudikatutako mitoa izan da, bereziki Berpizkundean.