Baieztapen informatua (baimen informatua)

Baieztapen informatua edo baimen informatua medikuak edo osasun funtzionariak pazienteari edo horren familiari bere osasun egoeraren eta pairatzen duen patologiaren efektuen berri eman eta aukeran dauden sendabideen abantailak eta arriskuak (orokorrak edo zehazgabeak nahiz espezifikoak) ahoz edo idatziz jakinarazi ondoren, pazienteak edo horren ezean bere familiak ematen duen baieztapena, ahozkoa nahiz idatzizkoa izan daitekeena. Baieztapen informatua ezinbestekoa da pazienteari ematen zaion tratamendua etikoa eta deontologikoa izan dadin. Historian zehar baztertu izan den baldintza izan da, bereziki medikuak historian zehar izan duen rol paternalistaren ondorioz. XX. mendetik ordea, baieztapen informatua arautzen joan da eta gaur egun ordenamendu juridiko gehienetan ezartzen den baldintza da, pazienteak artatu baino lehen.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, consentimiento informado.