Baliabide naturalak

Baliabide naturalak ekoizpenerako eta kontsumorako faktore eta gaiak dira, naturan berez sortzen diren fenomeno fisiko eta kimikoen ondorioz sortzen direnak, epe laburrean (ura euriaren bitartez) nahiz luzean (petrolioa, lur azpian gertatzen diren milioika urteko prozesuen bitartez). Ekoizpen-faktore moduan, kapitaletik eta lanetik bereizitako faktorea da, eta lurraren kontzeptu klasiko eta orokorrari atxikiak.

Hainbat modutara sailkatzen dira baliabide naturalak. Oinarrizko sailkapen baten arabera, honako hauek bereizten dira:

  • baliabide natural ez-berriztagarriak, xahutu ondoren berreskuratu ezin daitezkeenak, birziklapenez neurri batean berrerabili daitezkeen arren, eta stock edo kopuru finitua dutenak (petrolioa, adibidez), gehienetan lurretik erauzitakoak (ikus, estraktibismoa);
  • baliabide berriztagarriak, xahutu ondoren stocka agortzen ez dutenak, prozesu naturalen bitartez xahututakoa berreskuratu egiten delako (adibidez, basoetako zura eta arrainak), gehiegizko erauzketa edo kudeaketa desegoki batek baliabide horiek agortzea ekar dezakeela kontuan hartu behar den arren;
  • ingurumeneko faktoreak, orokorrean xahutzen ez direnak, berreskurapen-denbora laburra dutelako (adibidez, airea eta ura).