Balio Eguneratu Garbia (BEG)

Balio Eguneratu Garbia, BEG akronimoaz ere deitua, edo Eguneratutako Balio Garbia (EBG) inbertsio batek ekarriko dituen etekinen neurri absolutu bat da, horretarako inbertsioak ekarriko dituen kutxa fluxu garbiak (ordainketak ken kobrantzak) eguneratuz, gaur egunera ekarriz, deskontu tasa jakin batean. Zehatzago, hau da BEG kalkulatzeko formula:

    \[BEG=-A+\sum_{t=1}^n\cfrac{Q_t}{(1+k_t)^t}\]

non k_t eguneratze- edo deskontu-tasa den, kapitalaren aukera kostua (enpresak inbertitzerakoan duen aukera onenaren errentagarritasuna), A inbertsioa dakarren hasierako ordainketa, eta Q_t t uneetan gertatzen diren kutxa-fluxuak.

BEG positiboa duten inbertsioak burutuko dira, enpresari etekinak ekarriko dizkiotelako. Inbersioak bateraezinak diren kasuetan, BEG handiena duen inbertsioa burutuko da. Horrela, BEG irizpideak onarpen/ukapen irizpide garbia ematen du, eta gainera diru fluxuen eguneratzea egiten du etekinen egungo balioa kalkulatuz. Hala ere, praktikan zaila izaten da deskontu tasa zehatza finkatzea; bestalde, BEG kalkulatzean diru fluxuak deskontu tasan berriz ere inbertitu edota zorrak kitatu eta bazkideak saritzeko erabiltzen direla suposatzen du inplizituki.

Balio Eguneratu Garbiak badu beste alde batetik harreman estua Barne Errendimendu Tasarekin (BET), BET Balio Eguneratu Garbia 0 egiten duen deskotu tasa baita, inbertsioaren errentagarritasun erlatiboaren neurri bat alegia. Bi irizpideek, BEG eta BET, ondorio kontrajarriak eman ditzakete ordea, Fisher ebakidura gertatzen denean hain zuzen.

Adibidea

Enpresa bati inbertsio hau proposatzen zaio: 1000 euroko ordainketa egin behar du hasieran, eta gerora 600 eta 700 euroko diru fluxuak izango ditu urtebetera eta bi urtera hurrenez hurren. Kapitalaren aukera kostua %10 izanik, zer erabaki behar du?

    \[BEG=-1000+\cfrac{600}{1.1}+\cfrac{700}{1.1^2}=123.9\]

Enpresak inbersioa burutuko balu, 123.9 euroko etekina eskuratuko lituzke, etekinak gaur egunera ekarrita. Beraz, BEG positibo horrekin, enpresak aurrera eraman beharko luke proiektua.