Barbaroak

Vercingetorixen errendizioa Julio Zesarren aurrean, Alesiako guduan (K.a. 52). Vercingetorix galiarren burua zen, erromatarrek barbarotzat zuten herrietako bat.

Barbaroak (antzinako grezierazko βάρβαρος​ hitzetik, literalki "zezelka hitz egiten duena") Erromatar Inperoaren mugetatik haratago, bereziki inperioaren ipar aldean eta ekialdean, bizi ziren herriak eta tribuak izendatzeko erromatarrek beraiek erabili zuten izen generiko edo orokorra izan zen. Antzinako greziarrek sortu zuten terminoa persiarrak eta orokorrean atzerrikoak izendatzeko, haiek erabiltzen zuten hizkuntza ulergaitzari erreferentzia eginez, eta erromatarrek bereganatu zuten, arestian aipatu esanahiarekin. Antzinako greziarrak eta erromatarrak izan ziren herri horiei buruz idatzi zuten bakarrak (esaterako, Julio Zesarrek, bere Commentarii de Bello Gallico lanean; erromatarren etsai izanik eta haien aurka borrokatu zirenez, zibilizatu gabeko jendetzat hartu zituzten. Antzinakoek idatzitako hori da gaurdaino iritsi zaiguna, eta hori dela eta, barbaro hitza zibilizatu gabea eta biolentoa den pertsonak  izendatzeko erabiltzen da, ankerkeria edo kaosa adierazten duen barbarie (gaztelaniaz) hitzarekin batera, nahiz herri haiek erromatarrak bezain antolatuak eta kulturaz aberatsak izan.

Esan bezala, historikoki barbaroak atzerrikoak besterik ez ziren erromatarrentzat, eta beraz herri eta tribuen aski heterogeneoa osatzen zuten:

  • galiarrak, Galiako tribuak, gutxi gorabehera egungo Frantzia kontinentalean;
  • frankoak, Rin ibaiaren bi aldeetako herriak, egungo Alemaniaren hegoaldean, baino Erromatar Inperioaren gainbeherarekin batera hegoaldera, egungo Frantziara, zabaldu zirenak (hain zuzen ere, Frantzia hitzak frankoen herria adierazten du etimologiaz);
  • godoak, bi lerrotan banaturik (bisigodoak eta ostrogodoak), Europa ekialdean, Itsaso Beltzaren inguruan, zuten jatorria.
  • Iberiar Penintsulako iberoak ere barbarotzat hartu ziren iturri batzuetan;
  • angloak eta saxoiak, egungo Herbehereetan eta Alemaniako Ipar Aldean jatorri zutenak;
  • hunoak, Erdialdeko Asiako herria, eta abar.

Erromatar Inperioaren gainbeherarekin batera, herri barbaroak bere mugak zabaltzen hasi ziren. Inperioa mehatxupean, Erromak herri barbaro batzuekin tratua egin zuen, armada herri barbaro batzuetako soldaduekin osatuz beste herri barbaroen aurkako kanpaina militarretan parte hartzeko, mugak eta Inperioa bera babeste aldera. Adibidez, Inperioak godoak baliatu zituen frankoen aurkako guduetan. Azkenean, Inperioaren amaiera gertu zenean, herri barbaroek bere mugak guztiz zabaldu eta erresumak sortu zituzten (frankoen erresuma egungo Frantzian, bisigodoen erresuma Iberiar Penintsulan) , Erromak utzitako hutsuneak betez. Kasu batzuetan, erresuma horiek Erromatar Inperioarekin guztiz hautsi bainoago, horren eredua eta instituzioak bereganatu nahi izan zituzten, baino kondizio ezberdinetan: erresuma horietako batasuna ordainduzko leialtasunen bitartez indartu zen, aristokrazia berria bat sortuz eta feudalismoari bide emanez, eta erromatarrak batzen zituen kultura klasikoaren ordez, kristau erlijioa izan zen kasu askotan, Europan bereziki, herri horietako identitatearen ezaugarria. Erdi Aroaren hasiera zen.