Barne bakarrizketa

Barne bakarrizketa pertsonaia baten pentsamenduak, sentimenduak eta orokorrean barne bizitza adierazten dituen teknika narratiboa da, esaldi zuzenekin eta sintaxi konplexurik gabe, eta denbora subjektibo batez garatzen dena, maiz ordena logikorik gabe.1 Lehen aldiz Édouard Dujardin idazleak baliatu zuen, 1887ko Les Lauriers sont coupés eleberrian.

Maiz monologo edo bakarrizketa hutsarekin nahasten da, pertsonaia bakar batek hitz egiten duen testu-mota alegia, baina bakarrizketan narratzaileak adierazten dituenak munduko gertaerak, iritziak eta asmoak dira, besteak beste, eta ez soilik pentsamenduak. Solilokioa, berriz, pertsonaia bere buruarekin ozenki hitz egiten duen diskurtso-mota da. Monologoak nahiz solilokioak diegetikoak dira, narrazio hutsak dira, barne bakarrizketa mimetikoa den bitartean, kontzientziaren islada hutsa alegia.

Bi motako barne bakarrizketak bereizten dira:2

  • Barne bakarrizketa zuzenean, narratzailearen eskuhartzea minimoa da, lehenengo pertsonan, modu gardenean eta etenik gabe. Adibidez: "Ez dut egingo, ez, nahiago dut hiltzea. Zer uste dute? Besterik gabe makurtuko naizela?"
  • barne bakarrizketa zeharkakoan, narratzaileak gidatu egiten du irakurlea pertsonaiaren kontzientzian zehar, horien pentsamenduak aukeratuz, iruzkinduz eta egoera jakin batean jarriz. "Zer egingo dut orain, bakarrik? Baina berehala animoa hartu eta berpiztu zen. Ez dut etsi behar, ez, aurrera jarraitu behar dut."3

Lehen pertsona desagertzen bada, eta narrazio guztia hirugarren pertsonatik egiten da, narratzaile orojakile baten eskutik, baina pertsonaiaren pentsamenduak kontatuz betiere, barne bakarrizketa baten kasuan ez, baizik eta diskurtso zeharkako askean (free indirect discourse) egongo ginateke. 4

Beste alde batetik, kontzientzia-jarioarekin (stream of consciousness) ere nahastu da, baina kontzientzia-jaiora fenomeno psikikoari egiten dio erreferentzia, pentsamenduak gure kontzientziara nola azaltzen diren deskribnatzen duen fluxuari hain zuzen. 5

Beste hizkuntzetan: ingelesez, interior monologue; gazteleraz, monólogo interior.

Erreferentziak

3.
Sang Y. An Analysis of Stream-of-Consciousness Technique in To the Lighthouse . Asian Social Science. https://pdfs.semanticscholar.org/8dde/078772b8506a09ad6c4063c2a3de98262e3e.pdf. Published 2010.
4.
Is stream of consciousness different from interior monologue and free indirect discourse? enotes.com. https://www.enotes.com/homework-help/stream-consciousness-different-from-interior-297876. Accessed 2018.
5.
Interior monologue. .thoughtco.com. https://www.thoughtco.com/what-is-an-interior-monologue-1691073. Published 2017.