Barne Produktu Gordina (BPG)

Ekonomian, Barne Produktu Gordina nazio batean urte batean ekoitzitako produktu eta zerbitzuen balio totala da, kenduta horiek ekoizteko erabilitako bitarteko produktuen balioa, bitarteko kontsumoa alegia. Barne Produktu Gordinaren erreferentzia geografikoa da: herrialdean ekoitzitakoa jasotzen du, nazioko nahiz kanpoko faktoreek ekoitzitakoa, enpresa nazionalek nahiz atzerritarrek jasotakoa.

Barne Produktu Gordinaren bilakaera herrialdeko hazkunde ekonomikoa eta bide batez aurrerapen soziala neurtzeko ere erabiltzen da. Interpretazio hori ordea zalantzazkoa da guztiz eta kolokan jartzen da gaur egun: Barne Produktu Gordinak ez du kontuan hartzen produktu total hori, aberastasun hori, nola banatzen den herrialdean bizi diren familien artean; hau da, ez du jasotzen desberdintasuna ekonomikoa; beste alde batetik ez ditu jasotzen gizarte baten aurrerapen faktoretzat hartzen diren beste hainbat alderdi, hala nola bizitza-itxaropena, osasuna, hezkuntza, ingurumena eta hainbat alderdi. Hori guztia dela eta, behar beharrezkoa da Barne Produktu Gordina beste alderdi horiek jasotzen dituzten adierazleekin osatzea, hala nola Gini indizea (desberdintasun ekonomikoa jasotzeko) eta Giza Garapen Indizea (ongizateari buruzko faktoreak jasotzen dituena).

Ikus, gainera