Basa, Miren Amuriza: laburpena

Basa, Miren Amuriza (Berriz, Bizkaia, 1990) bertsozale eta idazleak 2019an plazaraturiko eleberria da. Eleberri horrekin irabazi zuen Igartza saria.

Laburpena

Lehenengo kapitulua

Sabina ospitalean dagoen andre zaharra da. Alaba Karmele berarekin dago, zaintzen. Gaixo egon arren, ama betikoa da, jenio bizikoa. Altzerreka baserrian bizi da Karmele, amarekin eta Henry osabarekin, Ameriketan, Idahon, izandako amaren anaiarekin alegia. Kezkatuta dago osaba zaintzen geratu den Lurdes deitzen den andrearekin,  pastillak ongi emango ote dizkion. Karmelek baietz, lasai egoteko. Sabina edozer gauzarekin urduritzen da, eta burua pixka bat galduta ere badu: komunera joan nahi du, ahaztuta pixoihala gainean daukala.

Joseba dator bisitan ospitalera bere emazte Maiterekin. Joseba Karmeleren anaia da eta Maiteren aita zenaren inprentan egiten du lana. Haurrak ere ekarri ditu, Martzel eta Naia. Martzel bazterrak lardaskatzen dabil, aitaren Iphona nahi duela eta. Aitak eman egiten dio azkenean, ea isiltzen den. Baina berriz ere bihurrikeriatan hasi eta Maitek kafetegira eramaten ditu azkenean.  Egia esan, Maitek beti esaten du Sabinak, Josebaren amak, ezin duela ikusi, ez diola barkatzen Josebak inprentarekin jarraitu izana, baserrian jarraitu ordez.

Josebak komentatzen dio Karmeleri Azpitarterekin hitz egin duela, zahar etxe bateko gerente bat. Josebak dio irtenbide bakarra dela egoera kontuan harturik. Karmele ordea kezkatuta dago, amak nola hartuko ote duen. Eztabaidan hasten dira biak, eta Josebak Esther beste ahizpari deitu beharko liokeela aurpegiratzen dio, hark ere zerbait egin beharko duela. Hirurak elkarrekin hazi ziren, Esther, Karmele eta Joseba, ordena horretan, baina orain nahiko bereizita daude dirudienez. Karmelek  amore eman, eta Josebari esaten dio bera geratuko dela Altzerrekan. Eta Karmeleri osaba Henryren irudia datorkio gogora, ehiztari porrokatua, ehizatu berri duen basurde batekin baserriko sarreran. Idahotik etorri baino baserriko gastuetan apenas inplikatzen den gizona.

Joseba joan da ja. Sabina lo dagoen alabari begira dago. Eta berak ere begiak ixten dituenean, soineko grisez jantzitako andre bat, mutiko eta neskato batekin, ikusten du. Gizon baten gorpua ohe handi batera eramaten ari dira. Andreak esaten dio Sabinari: zoaz medikuarengana eta esan aita hilda esnatu dela.

Bigarren kapitulua

Medikuak azken bisita bat egiten dio ospitaleko gelan, eta etxera bidaltzen du Sabina, berarekin txantxetan aritu ondoren. Aholkuak ematen dizkio hurrengo egunetarako, hasieran makuluekin ibiliko dela eta, baina Sabinak ez ditu erabiliko noski. Aholkuak ematen ari zaizkiola, burua baserrian dauka, Henryrekin pentsatzen du, Mario okina ardiak behar bezala zaintzen ari den. Karmelek lagunduta eta berarekin sesioan beti bezala, ateratzeko prestatzen da: hortzeria, kulero garbiak, eta prakak, baina prakak ezetz dio gogorki, ez dituela jantziko. Karmelek berarekin izandako beste une gogor batzuk gogoratzen ditu, nola Txabirengandik banatu baserrira itzuli zen Libe alaba nerabearekin batera, nola irakasle karrera bukatu zuen baina bukatutakoan Lekeition pisua erosi zuen, eta nola amak hori aurpegiratu zion. Azkenean, badoaz, Sabina gona jantzirik.

Karmeleren autoan iristen da Altzerrekara, bere baserrira. Nekez irteten da etxetik, Karmeleren laguntzarekin. Alderik alde ikuskatzen ditu bazter guztiak, tximiniatik kea darion, inguruan usain bereziren bat sumatzen den. Norbaitek bazterrak nahastu ote dizkion aztarna bila. Tyson txakurra, Henryk ekarri zuena, hurreratzen zaio. Lurdes bizilaguna, bera baino hamar bat urte gazteagoa, ateratzen zaio ongi etorria ematera.  Salda prestatu du. Lehen gauza, etxeko ezkaratzean, alaba Esterri deitu, baina ez du hartzen. Gogoratzen du Lekeition zuen pisua oparitu ziola hari, etxe arazoak zituenean, eta orduan Bilbon bizi zen alaba haserretu egin zitzaiola, ez zuelako pisu hori inolaz ere nahi. Etxean gora abiatu eta Henry zaharra ikusten du ohean, ahuldadez eta ohiko kiratsarekin. Bere botiken nezeserra ere han ikusi du Sabinak eta madarikatzen du bere gauzak mugitu dituena. Henryrengana hurbildu, altxatzen laguntzen dio eta bata besteare besoetan geratzen dira.

Telebistara begira dago Sabina, katua laztantzen (Misiño deitzen dio). Dolarra zenbatean dagoen jakin nahi du, senarra zenaren pentsio zati bat handik kobratzen du eta. Sabinak txizalarria nabaritzen du, eta Karmele konturatu eta esan egiten dio, ea laguntza behar duen. Ez duela txizalarririk, dio. Alabak alde egin eta komunerako bidea hartzen du Sabinak, bakarrik. Baina komunean esertzerako, prakak bustita ditu ja. Prakak erantzi eta bainuontzian sartzen saiatzen da, garbitzeko. Baino irristatu eta ez aurrera ez atzera geratzen. Garrasi egiten dio Karmeleri, etortzeko. Alaba heltzen denean, lagundu egiten dio bainuontzitik ateratzen, baino berehala bidaltzen du berriz ere, umore txarrez.

Henry irratiari adi dago, Donald Trumpek irabazi duela eta, eta Sabina datorkio ogi-zopak eta horrekin batera pilula ematera. Ematen hasi eta agureak tu egiten du eta pilula lurrera bota. Madarikatzen hasten da agurea. Eta gogoratzen da gaztetan nola joan zen neskame aberats batzuengana, eta haurrak eskatu ziola belauniko jarri, haren gainean zaldunarena egiteko, eta aitak haurrari errieta egin ordez, tokadiskosa jarri zuela ikuskizuna alaitzeko. Madarikatua hura ere. Eta madarikatua Henry. Irratia kendu egiten dio, apalean jarri eta alde egiten du, Henryk, ezinduta, irratia itzultzeko oihuka egiten diola.

Hirugarren kapitulua

LANEAN (34 ORRIALDE 121ETIK EGINAK)