Behi euskaldun baten memoriak: laburpena

Behi euskaldun baten memoriak Bernardo Atxagak (1951- ) euskal idazleak 1991 urtean plazaratutako eleberria da, gerrari buruzko kontakizun gordina eta bidenabar sentibera eta tarteka umoretsua ere. Komentu batean moja baten zaintzapean bizi den Mo behiari barruko ahots batek bere memoriak idazteko agindua emanda, Mo behiak 1940 urtean Balantzategi baserrian jaio zela kontatuz abiatuko du bere eginbidea. Balantzategin pasatako denboran bertako gertakari harrigarrien berri emateaz gainera, behi heldua izatera nola heldu den ere kontatuko digu, baserriko sekretuaren berri jakin arte, amaitu berri den Espainiako Gerra Zibilarekin loturik.

Laburpena

I kapitulua

Ekaitza ari du gauean. Kanpoan bakarrik dagoen Mo izeneko behi bati barruko ahotsak ordua iritsi dela ohartarazten dio. Behia gazte-gaztea zenetik aditzen du barruko ahotsak; garai haietan Bidani izeneko behi gorri helduak ahots horren laguna egiteko gomendatu zion, konpiania egin eta aholku onak emango zizkiola-eta, Aingeru Goardakoa zela. Orduan, behi gazteak ez zion kasurik egin Bidaniri, ez zuen ezer sinesten. Hala ere, barruko ahotsak jarraitzen zuen hitz egiten, eta horregatik behi gazteak Setatsu izena jarri zion. Pixkanaka Setatsuren mintzoari gustoa hartzen joan zen,eta lagun bezala hartu zuen; hain zuzen, garai haietako negu gorriko gau elurtsu batean, mendian behera joateko aholkua eman zion, baina behi gazteak ez zion kasurik egiten; konturatzerako, ordea, elurrez inguratuta ikusi zuen bere burua, eta larrituta, dei egiten ziom barruko ahotsari etxerako bidea erakuts ziezaion, kasurik ez egiteagatik barkamena eskatuz; ahotsak barkatu egin zuen baina hortik ateratzeko bere kabuz pentsatu behar zuela esan zion, eta gainera atzetik otsoak dituela gaztigatu zion. Otsoak gainean, ikaratuta, ikusi zuen irtenbidea: mendian behera joatea, eta korrika gainera. Setatsuak, ordea, poliki joateko aholkatu zion, bestela otsoak ere atzetik korrika joango zitzaizkiola-eta. Orduan, bai, behiak kasu egin, eta poliki abiatu zen beheruntz, pausoka, eta otsoak ere bai atzetik; azkenean, otsoak ondo-ondoan zituela eta, korrika abiatu zen beheruntz, zilipurdika azkenean; otso batek atzetik heldu ziola sentitzean, ostiko batez hortz guztiak kendu zizkion. Hortik gutxira heldu zen onik ikuilura. Kontu horiek aspaldikoak dira, ordea, eta Setatsu amorrazi egiten du, beti aginduak ematen. Setatsuak, berriz ere, ordua iritsi dela esaten dio, bere bizitzako memoriak idaztekoa, otsoen pasadizoa gertatu eta gero, eta aurrerago ezagutzera emango duen Antiaju Berderena gertatuta, hitz eman zuen bezala. Behiak kasu egin, papera eta tinta hartu eta memoriak idazteari ekiten dio.

II kapitulua

Mok 1936ko Espainaiko Gerra Zibila bukatu eta gutxira, 1940 urtean, jaio zela kontatzen du, Balantzategi baserrian, Euskal Herriko Pirinioetako bazter batean. 50 bat urte dituela kontatzen du, XX mendearen bukaeran. Orain ez da Balantzategin bizi, Zuberoako komentu batean baizik, Pauline Berandette mojaren zaintzapean, ederki zaindu ere, belar onenak ematen dizkio-eta. Jaiotzari buruz, hotza sentitu zuela eta itsuturik zegoela gogoratzen du, zer animalia mota zen jakin gabe. Geroxeago, begiak argituta, arbolak, belazeak, basoa, erreka eta errota ikusi zituen. Barruko ahotsak esan zion Balantzategin jaioa zela, baina bere kabuz jakin zuen behia zela, bat batean; etsirik zegoen, ordea, behia animalia makaltzat zuelako orduan ere, zergatik jakin gabe. Zaldia izan nahi zuen, eta Balantzategin jaio ez, palazio batean baizik. Setatsuak, orduan, Balantzategin belazeak eta ikuilua, eta mendiko askatasuna, izango dituela esaten dio, eta zaldiak animalia urduriak direla. Behia konformatu egiten da azkenik, eta Balantzategira abiatzen da lehen aldiz. Baina lehenago Antiaju Berderekin topatuko da.

III kapitulua

Balantzategi inguruko bazterrekin batera, Moren begiek Antiaju Berde eta anaia bixkiak, gazteak eta hortzaundiak, ezagutzen ditu, errotako teilatuan lanean; haiekin dago Antiaju Berde, 60 bat urteko gizona, antiaju edo betaurreko lodiak zituena, botilaren ipurdiaren antzekoak. Antiaju Berderen hizketa ez du ulertzen, eta bere balarrietatik beti "karral, karral" esaten duela iruditzen zaio.  Anai bixkiek behiaren atzetik abiatzen dira harrapatu nahian, Mok alde egiten du korrika, baina bi anaiek hurbiletik jarraitzen diote. Basoaren mugan, ordea, bi anaiek erotzat duten La Vache qui Rit izeneko behi betizu beltzarekin egingo dute topo eta horrek haien aurka joko du adarrez, anaiak lurrean utziz, Antiaju Berdek haien ondoan makila astintzen zuen bitartean bere hizkera ulertezinarekin. Zalaparta hura adituta, inguruetan zegoen zaldi gorria esnatu eta irrintzika hasten da, urduri, Antiaju Berdek hura ere makilaz mehatxatu egiten duen bitartean. Zaldiaren ikara ikusita, Mo bere behitasunez harrotzen hasten da, bera ez baitago beldurrez. Antiaju Berderen errietari, anaiek behi beltzaren erokeriaz desenkusatzen diren bitartean, Mok anaietako baten aurka jotzen du adarka, eta eskumuturra hausten dio. Antiaju Berdek bere fusila atera duela ikusita, baso barrura egiten ihes bi behiek. Orduan ikus dezake hobeto nolakoa den La Vache qui Rit: behi beltza da, Mo bezala, txikia eta buru handikoa. Iluntzen ari du, eta Setatsuak ikuilura jaisteko aholkatzen ido, baina berak La Vache qui Rit-ekin lo egitea nahiago. La Vache qui Rit-ek onartu egiten du bere ondoan, Balantzategiko gehienak bezala, Mo behi makala ez delako. Hala ere, lasai egoteko, ikuilua beti irekita dagoela. Ikuilua paradisua dela kontatzen dio banketeak ematen dizkietalko behiei, batzuetan gorriei eta besteetan beltzei. Setatsuak ikuilura joan behar duela errepikatu arren, behi lagun berriarekin geratzea erabakitzen du. La Vache qui Rit konturatu egiten da barruko ahotsa hizketan ari zaiola Mori. Berari ere hitz egin eta lanak ematen dizkiola kontatzen dio, borrokarako deia egiten diola beti. Mok bere barruko ahotsa dotorea eta zuhurra dela kontatzen dio orduan. Eztenasekin (hala deitzen dio La Vache qui Rit-ek Antiaju Berderi) kontuz ibiltzeko esaten dio La Vache qui Rit-ek, bere eztenarekin bereziki, hala esaten diola bere barruko ahotsa, anaiekin berriz nahi bezala ibiltzeko, Eztenas ez bezala bertako nekazari nazkanteak besterik ez direlako. Anaiak errotan bizi dira, baina orain Antiaju Berderen agindupean omen daude; teilatuan leiho handi bat egiten ari dira, agian Balantzategi zaintzeko, Setatsuak iradokitzen dionez. La Vache qui Rit iritzi berekoa da, nahiz eta berak, Mok bezala, ezer gutxi ulertu Eztenas-en hizkeratik. Hala ere, pentsatzen du duela gutxi bukatutako gerrarekin zerikusirik duela horrek guztiak. Mo jaio berria da, eta ez daki ezer gerraz, baina La Vache qui Rit-ek kontatzen dio tiroak eta kainoikadak izan zirela duela gutxira arte. Abioi bat ere erori zen bazterretan, eta La Vache qui Rit hura ikustera joaten da askotan. Toki sekretua da harentzat, ordea, eta ez dio oraingoz Mori esango non dagoen. Baina inguruetan hiru gizon afusilatu zituztela kontatzen dio, Balanatzategiko andrea den Genovevaren senarra eta haren bi lagun. Mo eramaten du hiru gizonak lurperaturik dauden kanposantura. Gerra bukatua dagoen galdetuta, La Vache qui Rit-ek esaten dio ez dagoela seguru, itiro hotsik ez dagoen arren, Eztenas horren jokabideak kontrakoa erakusten baitu. Mo pentsakor geratzen da, dena, ikuiluko banketeak eta Eztenas horrena, oso harrigarria baita. Bat-batean, soinu bat aditu eta La Vache qui Rit-ek Genovevaren disketako bat dela esaten dio, ez hegazti handi baten hotsa. Mok uste zuen bezala. Ikuilura sartzen dira azkenean biak, musika entzuten ari diren behi guztien artera. Behi guztiek ongi etorria egiten diote Mori.

IV kapitulua

12 behi daude Balantzategiko ikuiluan, 5 gorri eta 7 beltz. Mok, La Vache qui Rit-ek esan bezala, makaltzat hartzen ditu gehienak, beti belarra jaten eta lo egiten. Giro horretan, Mo ere nagitu eta makaldu egiten da, eta beti kanpoan ibiltzen den La Vache qui Rit-engandik urruntzen doa. Ikuiluan geratzeko arrazoietako bat Genoveva da, Mo-ren etorrera pozik hartu duena. Moren iritziz Genovevak bihotz bakarra eta ezkutua du, soilik kolpe gogorrekin pitzatzen dena, zintzarri handiak bezala, Pauline Bernadette ez bezala, zeinak bihotz asko ditu, batzuk alaiak eta beste batzuk tristeak edo haserre. Genovevak laguntzaile adindua du, Bizkar Oker deitzen dutena behiek, itxuraz onenak emanda dagoen agurea, sasoi makalekoa eta egunero bizikletaz herrira joaten dena. Harrigarria den beste gauza bat: behiak bakarrik daude Balantzategin, ez oilorik, ez ardirik, ez txakurrik. Beste behiek ondo tratatzen dute Mo, eta ondorioz La Vache qui Rit, eta horrekin batera errotako gorabeherak, ahazten doa. Egun batean, ordea, behiak kanpoan daudelarik, Genovevak eta Bizkar Okerrek behiak ikuilura presaz ekarri. La Vache qui Rit ez dute aurkitzen, ordea, eta Bidani behiak haren harrokeria gaitzesten du, beti aparte ibiltzen delako. Azkenean azaltzen da, Genovevak txistu eginda, errota ingurutik. Ikuiluan eman behat dioten banketea, ordea, behi beltzentzat bakarrik da, eta behi gorriak, Bidani tartean, kanpoan uzten dituzte. Mo behien arteko bereizketa horren zergaitiaren jakinminez geratzen da. Banketean pentsua ematen diete behiei, kamioi batek zakutan ekartzen duena. Setatsuak pentsua txarra dela ohartarazten dio Mori, belarra naturalagoa dela argudiatuz.  Etxean ere soinu arraroak aditzen dira, disketako musikaz gainera, ateak danbatekoz ixten dira eta gauzak erortzen dira, urduri daudelako seinale. Itxita daudelarik, Bizkar Okerrek utzi ere egiten dio herrira joateari.  Gauean, zaldi hotsa entzun, eta hakein batera gizon batzuena ere entzuten du Mok. Agur eta zermoduzka jardun ondoren, zakuak kargatzeari egiten diote. Sei bat gizon dira, eta zakuak kargatu ondoren, etxe barruan afaldu eta gerraz hitz egiten dute. Hor guztia ikuiluko leiho txiki batetik ikusten du Mok. Ondoren, gizonak berriz ere atera eta alde egin zuten zaldiak kargatuta. Ikuiluan itxita hurrengo goizera arte jarraitzen dute. Bidaniri galdetzen dio, orduan, zer gertatu den, baina behi makala denez, konturatu ere ez da egin gertatuaz.

V kapitulua

Mok benetako behi izan duen batek desertu bat zeharkatu beharra duela dio. Bere kasuan, desertua bakardadea izan zen, La Vache qui Rit gabe eman zuen denbora. Kontatzen du, halaber, Pauline Bernadetterentzat ezkontzeko egin zioten proposamena izan zela, denbora luzez Altzürüküko bere sorterrian mutil bat aritu baitzitzaion kortejatzen, bere balkoi azpitik kantu eginez hainbat denboraz; azkenean, Pauline Bernadettek ihes egitea erabaki zuen arte, Mori esker hain zuzen. Bere aldetik, Mok erabakita du behi makalengana ez itzultzea, baina La Vache qui Rit-en aurrean ere ezin da besterik gabe azaldu. Bitartean, lurreratutako abioiaren bila abiatzen da, baina hura aurkitu ondoren, aspertu egiten da beti horren inguruetan egoteaz.  Asperra gainetik kentzeko, Antiaju Berde eta bi hortzaundiak zelatatzea erabakitzen du. Katalexu batetik begira ikusten ditu, eta agian zaldunak noiz etorriko zain daudela pentsatzen du. Aspertuta jarraitzen du, ordea, bakardadeko desertuan, eta hosto-jostaketan hasten da, zuhaitzeko hostoei begira udazkenean, hosto bakoitza noiz eroriko ote den asmatzen saiatuz; aspertzen jarraitzen du, ordea, eta La Vache qui Rit haluzinazio moduan ikistera ere heltzen da, izarretara begira psatzen da eta berdin. Egun batean, ordea, Genoveva aditzen du deika. La Vache qui Rit eta beste behi beltzekin batera ikuilura sartzen da, eta beti bezala zaldizkoak etorri, kargatu eta alde egin zuten gauean. La Vache qui Rit-ekin batera, harritu egiten da zergatik ematen dieten pentsua, inguruan horrenbeste belar fin izanda. Negu horretan asko ugaritzen dira kamioiaren etorrerak eta zaldizkoen bisitak, beti bezala behi beltzentzako banketeekin batera.  Egun batean, ordea, konturatzen dira biak, pentsua ez baizik eta arroza jarri dietela jateko. Setatsuak esaten dio nahastu egin direla, arroz hori gauez etortzen diren gizonentzat dela, eta arroza pentsuko zakuen artean ezkutatuta ekartzen dutela; eta horregatik segurtasun neurri horiek, pentsua dismulatzeko dela, Antiaju Berde eta besteak zelatatzen ibiltzen direlako. Ondorio honetara heltzen da: Balantzategi oraindik errenditu ez den ejerzitoaren almazena da. La Vache qui Rit-ekin hitzordua adosten du biharamunerako, abioi eroria dagoen lekuan.

VI kapitulua

Abioiaren inguruan, Mok elurteko gau hartan otsoekin izan zuen pasadizoa kontatzen dio, eta La Vache-k basurde izan nahiko lukeela pentsatzen du bitartean, otsoen eta aurretik jartzen zaion guztiaren borroka egin eta libre izateko. Setatsuak, ordea, behiak askoz hobeto bizi direla esaten dio barrutik: basurdeak libre bizi dira, baina ikuilurik eta pentsurik ez dute; basurdeak atzeratuak direla, eta behiak aurreratuak. La vache konturatu egiten da Setatsuari ari zaiola Mori, eta haren aurka hasten da, bizitza-esperientziarik ez duela. Setatsuak etsi eta isiltzea hobe dela dio.

Errotatik jarraitzen dute katalexuz inguruak miatzen. La Vache-k kontatzen du menditik Balantzategira janari-zakuen bila jaisten diren horiek Francoren aurka borrokan jarraitzen dutenak direla, maquis edo gerrilleroak, errenditu ez direnak.  Mok gogoratzen du nola Paulinek kontatu zion behin maquis-a laguntzen ere ibili zen gerra garaian, paperak eta agiriak batera eta bestera eramaten. La Vache-k kontatzen dio Mori Genoveva eta Bizkar Oker ere maquisean sarturik daudela, eta Balantzategi ez dela baserri bat, tapadera bat baizik. Mok galdetzen du nolatan ez dituen Eztenasek menditik jaiten diren horiek ahrrapatzen. La Vache-k ere ez daki, baina laster inguruetan tiroak entzungo dituztelako intuizioa du.

Udaberriko egun batean, Genovevak behiak biltzen ditu, baina inoiz gertatu ez dena gertatzen da: behi gorriak ikuilura sartu eta beltzak kanpoan uzten ditu. Dena isil geratu zen ondoren, Eztenas aditzen du bere betiko "karral" hizkerarekin, 30 goardiei aginduak emanez, harrituta mendikoak azaldu ez direlako; azkenena, herrira jaitsi behar dira berriz.  Egun batzuk geroago, behi beltzak dira ikuilura sartzen direnak, eta orduan bai, behi beltzak dira barrura sartzen direnak.  Orduan, aditzen du Mok barrutik Bizkar Oker Don Gregorio, Eztenas alegia, gainean dutela ohartarazten diela mendikoei, badakitela  etortzen direla Balantzategira, kamioia miatu ere egin dutela, baina arroz-zakuak ez dituztela aurkitu. Beste kargamentu bat bakarrik eramango dutela adosten dute, eta horretarako faxistak ospakizun militar batera joateko herritik alde egingo dutela aprobetxatuko dute.

Adostutako egunean, behi beltzak ikuilura sartu, baina hortik denbora batera beltzak kanporatu egiten dituzte korrika eta presaka. Mok badaki orain Eztenas azalduko dela. Eta hala da. Eztenasek zurrumurrua zaldu du herrian kanpoan izango zirela, baina Bizkar Oker azken momentuan konturatu da Eztenas inguruan zutela. Eztenas Balantzategira sartzen da bere goardiekin, etxe barruan irrati bat erabiltzen dutelakoan mendikoei abisatzeko. Gau osoa pasatzen dute bilatzen baina ez dute ezer aurkitzen. Azkenean , goizean, etxetik kanpo, Eztenas-ek Mo begiratu eta garib ikusten du dena, behi beltzak ikuiluan eta gorriak kanpoan jaisten dira mendikoak, eta alderantziz denean ez. Behi beltzak kolpeka sartzen dituzte, La Lache qui Rit-ek ahaleginak egin arren kanpoan geratzeko, Genoveva eta Bizkar Oker barruan jarraizten dutelarik atxiloturik. Mok dena garbi ikusten du orain, behiak erabiltzen zituztela seinale gisa. La Vache-ri kontatzen dio dena: Bizkar Oker agure nekatuaren itxurak egiten zituen herrian, eta Eztenas eta bere gizonak inguruak miatzen zebiltzan edota Eztenas gaixorik edo ospakizun batean zegoen jakitea lortzen zuen. Balantzategin behien bitartez ematen zieten abisua mendikoei. Mok uste dut Eztenas-en goardiek ez dituztela mendikoak hilko, maquis osoa harrapatu nahi duelako. Behiak marruka hasten dira gosez, eta Eztenasek isiltzeko esaten die. Bizkar Oker ezkutuan ikuilura sartu eta han gordeta duen eskopeta hartuta etxeko teilatura doa tiroak eta oihuak eginez seinaleak egiteko mendikoei. Berehala goardiek haren aurka tiro egin eta hil egiten dute.

VII kapitulua

Bizkar Oker hilda, Genoveva preso eramaten dute. Behiak larritu egiten dira, bereziki behi gorriak, makalak, nork zainduko dituen ez dakitelako. Astebetera, hortzaundiak agertzen dira Balantzategira, nagusi berri moduan, Eztenasi laguntzeagatik emandako sari gisa. Etxeko gauzak eramaten hasten dira, altzariak eta Genovevaren diskogailua. Setatsuari kasu eginez, Mok alde egiten du abioi eroriaren ingurura eta Genovevaren senarraren kanposantura. Egun batean, inguruan dabiltzan behiak kontatuta, hortzaundiak behiak akabatzen ari direla ondorioztatzen du. Bidani jada ez dago eta hilda beharko du honezkero. La Vache-k eta Mok Balantzategitik apartean ibiliko dira hurrengo egunetan, badaezpada ere. Egun batean, suziri hotsa entzun eta La Vache-k ondoko herrian festak direla esaten dio. Bero egiten duenez, La Vache eta Mo erreka batera jaitsi, eta handik zebiltzan hiru gazte harrapatzen dituzte sokaz eta akuiluz. Hortzaundiak azaldu eta orduan konturatzen dira haien buruak saldu egin dituztela hortzaundiek, herriko festetan beraiekin jarduteko, behi betizu bihurriak direnez. Kontra egin arren, tiraka, alperrik ari dira behiak.  Hortik aurrera, sekulako tortura eta sufrimendua datorkie behiei festa horietan, sokamuturrean aritzen baitira beraiekin, milaka pertsonen artean, musika zalaparta haundi, petardo eta kolpeekin, beraiek adarkada tea kolpe ugari eman arren. Mok halako batean eztenkada mingarria sentitzen du atzean, Antiaju Berde da, bere eztenarekin joka. Azkenean, eskailera batetik gora eginez ihes egitea lortzen dute, penaz La Vache, Eztenas kolpatu ezin izan duelako.

VIII kapitulua

Mendi aldera abizten dira korrika. Hasieran bide azkarretik, baina horrela gora eta beheraka ibilita, eta Setatsuaren aholkuari jarraiki, bide txarrak hartzen dituzte, gero eta txarragoak, mendi-mendira heltzeko. La Vache-k aurrera jarraitu nahi du, goi mendietara joan. Halako batean, basurdeak ikusten dituzte, eta La Vache liluraturik geratzen da. Mendian bizitza aspergarria da bestela, ez ikuiluan bezain entretenigarria, baina Pauline Bernadette mojak kontatu zuena gogoratzen du, nola egun batean ezpal txiki batek egindako su txikiaren koloreekin liluraturik geratu zen. Urtebete ematen dute bi behiek mendian elkarrekin, adiskidetasunean, baina laster hautsiko dena. Lehenik, Balantzategira joaten dira eta han nagusi berriak daudela ikusten dute, ez hortzaundiak; Mo beste behiekin gogoratzen da, baina La Vache-ri ez zaizkio axola, eta horrekin haserretu egiten dira.  Bigarrenik, neguan kobazulo batera sartu eta han basurdeak ikusten dituzte; Mok alde egin nahi du hortik, baina La Vache han geldituko dela esaten dio, ez duela gehiago behi izan nahi, behiak makalak direlako. Kobazuloan, gero eta eroriago sentitzen da Mo, bere burua ere makaltzat hartzen hasia da. Udaberrian, Setasua laguntzera datorkio, kobazulotik atera eta hazi berria den belarra jateko aholkua ematen dio, behitasuna goraipatzen dio, nola Indian eta Pakistanen animalia sakratuak diren, eta Suitzan nazioko ikur, eta beraz burua zaintzeko, behi izatea badela zerbait. Mendian behera abiatzen da, Setatsuari kasu eginez eta herri batera heltzen da, non pertsona baten kantuan aditzen duen, zubereraz. Pauline kortejatzen ari den gizona da; hurrengo egunetan behin eta berriz ikusiko du eszena hori, Paulinek muzin egiten die proposamen guztiei, leihotik ezkutuan begiratuz besterik gabe, azkenean Piarresek, Paulinerekin maitemindua den gizonak, etsi egiten duen arte. Udazkenean, ordea, Mo Paulineren leiho azpina suertatu; Pualinek, jakin gabe Mo azpian zela, salto egin eta Mo gainean suertatzen da. Paulinek komentura sartu nahi duela esaten dio Mori, horregatik salto egin duela, Piarresekin ez duelako ezkondu nahi, gurasoek nahi duten moduan, baina ez du doterik komentura sartzeko. Mok berehala ulertzen du: Mo bera izango da dotea Pauline komentura sartzeko. Bidean, Mo izena jartzen dio Paulinek gure behi protagonistari.

IX kapitulua

Setatsuak idazteko esan zion. Eta hala egin du Mok. Gogoratzea oso zaila izan zaio. Galderak egiten dizkio bere buruari: Balantzategira itzuli? Ezta pentsatu ere, Paulinerekin ederki bizi baita. Genovevaz, La Vache qui Ritez eta besteetaz gogoratzen da, non ote daude? Orain, zahar ikusten du bere burua, memorien bukaerara heldu delako. Hala kontatzen dio Paulineri, baina honek bere memoriak ez bukatzeko, eta lanean jarraitzeko esaten dio, esaterako memoriak horiek errepasatzen, Agustin Hiponakoak egin zuen bezala, hamar urtez jardun baitzuen bere Aitopenak bilduma zuzentzen.

AMAIERA

Pertsonaiak

  • Mo, behi protagonista, behi beltza.
  • Setatsu, Moren barruko ahotsa edo kontzientzia, beti "Lagun on ona, .." hizketan hasten zaiona.
  • La Vache qui Rit, Mo-ren laguna, hura ere behi beltza. bere benetako izena Txapar da. Izena Balantzategira joandako familia frantses bateko seme txikiak jarri zion.
  • Bidani, begi gorria, makala, Mori barruko ahotsa zein den kontatzen diona kontakizunaren hasieran.
  • Pauline Bernadette, Poliñani ere deitua, Mo-ren zaintzailea, Balantzategitik alde egin eta mendian ibili eta gero. Moja da eta Zuberoako komentu batean bizi da.
  • Genoveva, Balantzategiko andre alarguna, senarra gerran hil ziotena, eta Balantzategitik gertu dagoen kanposantu batean lurperaturik dagoena. Musika-diskoak entzuteko ohitura du.
  • Bizkar Oker agurea, Usandizaga benetako izenez, Genovevaren laguntzailea.
  • Antiaju Berde, Eztenas edo Don Gregorio, Balantzategi zelatatzen duen frankista, Mok ulertzen ez duen hizkeran hitz egiten duena, eta ondorioz harengandik beti "karral" soilik aditzen duena.
  • Hortzaundiak, Antiaju Berderen laguntzaileak, azkenean Balantzategiko nagusi egingo direnak.