Berreste alderako isuria (konfirmazio isuria)

Berreste alderako isuria, berrespen-isuria, konfirmazio-isuria edo ebidentziaren bilketa selektiboa aurretik ditugun sinesmen, ideia eta balioekin bat datozen informazioa lehenetsi eta haiekin bat ez datozenak baztertzea da. Isuri kognitiboa da, informazio prozesatzean egiten dugun akatsa, ingurunea eta besteen jokabideak objektiboki interpretatzea eragozten duena eta besterik gabe aurretik ditugun ideiak kolokan jartzea saihesten duena; ildo horretatik, erosotasuna eta ekonomia bilatzen dituen estrategia kognitiboa da, egitateak ideia berri moduan barneratzeko ahalegina ekiditeko, kostua eta mozkinak alderatuz. Gogoko ditugun edo zoriotsu egiten gaituzten oroitzapenak desatseginak direnak baino hobeto gogoratzea ere berreste alderako isuriaren aldaera bat da. Peter Cathcart Wason izan zen konfirmazio isuria ikertu zuen lehenengoa, 1960ko hamarkadan, eta gizakion joera arrunt eta naturala zela frogatu zuen hainbat esperimenturen bitartez.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, confirmation bias; gaztelaniaz, sesgo de confirmación.