Biopolitika eta bioboterea

Biopolitika estatuek osasunaren, higienearen, biziraupenaren, gaixotasunaren, jaiotzen eta orokorrean bizitzaren gainean (eta ondorioz baita ere heriotzaren gainean) burutzen duten boterearen alderdia da. Gorputzen gainean ere eratzen du bere boterea, lan-merkatuaren eta osasun-merkatuaren bitartez. Botere-eremu horren sustrai historikoak arakatzerakoan, Erdi Aroan, erregeek euren boterea gerraren eta bakearen gainean beste inon gauzatzen ez zutela dakusagu; Erdi Aroaren bukaera aldera, ordena zibilera eta aberastasuna gehitzera (garapen ekonomikora) zabaldu ziren boterearen interesak; biopolitika XVIII. mendearen hasieran zabaldu zen bereziki, Modernitatearekin estu loturik, eta horren adierazgarria garai hartatik eta bereziki XIX. mendetik modu masiboan biltzen hasi ziren bizitzari eta osasunari buruzko datu estatistikoak dira, estatuak bizitzari buruzko alderdi guztiak kontrolatu nahian; hain zuzen, biopolitikak izaera zientifiko eta sistematikoak hartzen du hasiera-hasieratik, arrazionaltasunaren arlo berri bat zabalduz. Michel Foucault frantses filosofoa (1926-1984) izan da biopolitikaren kontzeptua gehien aztertu dutenetakoa, eta "biologikoaren estatizazio" gisa definitu zuen; gainera beste hainbat kontzeptu garatu zituen biopolitkaren inguruan: bioboterea, somatokracia, medikuntza soziala, polizia medikoa, anatomopolitika eta nosopolitika.