Biraketa kopernikarra (Kant)

Kanten filosofian, biraketa kopernikarra Immanuel Kant filosofoak (1724-1804) bere epistemologian aldezten zuen ikuspuntu berria izendatzeko erabili ohi den metafora da. Izan ere, Kopernikok Lurrak Eguzkiaren inguruan biratzen duela frogatzean ekarri zuen iraultza zientifikoaren parekotzat hartzen da Kanten epistemologia.

Kanten aurreko epistemologian ezagutza objektuetatik subjektuarengana doa, eta subjektuak era pasiboan jokatzen du guztiz, objektuari nagusitasuna emanez. Kantek, ordea, subjektuak berak ezagutzaren eraketan duen garrantzia nabarmentzen du, eta rol guztiz aktiboa ematen dio. Era horretan, Kantek a priori judizioen existentzia justifikatzen du, objektuak ezagutu aurretik objektu horiek subjektuak objektu horien gainean jarri ditugun propietateen mendean jarri behar dela baieztatuz. Adibidez, triangelu baten tamaina edo azalera jakin aurretik, triangelua den figura, triangeluari buruz daukagun a priori judizioen mendean (triangeluaren definizioa) jarri behar dugu. Kantek esaldi hau baliatu zuen bere epistemologia azaltzeko: a priori gauzei buruz jakin dezakeguna aurretik gauza horietan jarri duguna besterik ez da.