Bitartekaritza (bitartekotza)

Bitartekaritza edo bitartekotza gatazkak eta desadostasunak konpontzeko prozesua da, non gatazkan ari diren pertsonak edo erakundeek borondatez aukeratzen duten hirugarren eragile inpartzial bat, bitartekari izenekoa, gatazkan ari direnen artean adostasun batera heltzen laguntzen saiatuko dena. Ohikoa da familietan, bikote bat banandu behar denean, seme alaben erregimena eztabaidatu edo ondasunak nola banatu behar diren erabakitzeko; enpresen artean, desadostasun ekonomikoak ebazteko, eta baita ere nazioartean, herrialdeen arteko gatazka ekonomiko, politiko eta diplomatikoak konpontzeko.

Auzitara eta indarrezko soluzioetara ez heltzea da helburua, soluzio adostu eta hitzartu batera heltzea. Lankidetzazko prozesua da, kooperatiboa, non bi aldeek irabazi egiten duten, galtzaile-irabazle aurkarien dinamika gainditzeko. Motibazioa, konpromisoa eta komunikazioa funtsezko baldintzak dira bitartekaritza prozesua arrakastatsua izan dadin.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, mediation; gaztelaniaz, mediación.

Erreferentziak

  • La mediación en la resolución de conflictos, Manuel de Armas Hernández, educar, 2003

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Bitartekaritza (bitartekotza)"; Gizapedian, iraila 26, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/bitartekaritza/.