Bizi-itxaropena

Bizi-itxaropenak herrialdearen arabera: berde ilunez, bizi itxaropen altuko herrialdeak; gorri ilunez, bizi-itxaropen baxukoak.

Bizi-itxaropena herrialde edo eskualde bateko pertsona batek biziko den urte kopuruaren estimazioa da, batezbesteko baten bitartez kalkulatua adin bakoitzean hiltzeko probabilitateetan oinarrituz, eta probabilitate horiek etorkizunean mantenduko direla suposatuz. Demografian gehien erabiltzen den adierazleetako bat da, eta herrialdearen garapen sozioekonomikoaren adierazle moduan erabili da. Hain zuzen, garapen ekonomikoarekin batera, bizi-itxaropena handitzen joan da modu konstantean herrialde aurreratuetan.

Ohikoena bizi-itxaropena jaiotzean da, pertsona bat jaiotzen denean biziko den urte kopuruaren estimazioa; hain zuzen, 65, 70, 75, ... urte beteta bizi-itxaropenaren estimazioak ere egiten baitira. Beste adierazle bat bizi-itxaropen osasuntsua da, osasun arazorik eta gaigabeziarik gabe pertsona bat, normalean adin nagusietarako (80, 85, ...), biziko den urte kopurua.

Bizi-itxaropenaren gehikuntzak arazo sozioekonomikoak ekarri ditu herrialde aurreratuetan, pentsio-sistemak eta zerbitzu soziosanitarioak kolokan jarriz.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, life expectancy; gaztelaniaz, esperanza de vida; frantsesez, espérance de vie. Bizi-itxaropena jaiotzean: ingelesez, life expectancy at birth; gaztelaniaz, esperanza de vida al nacimiento; frantsesez, espérance de vie à la naissance. Bizi-itxaropen osasuntsua: ingelesez,  healthy life expectancy; gaztelaniaz, esperanza de vida en salud; frantsesez, espérance de vie en bonne santé.

 


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Bizi-itxaropena"; Gizapedian, iraila 9, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/bizi-itxaropena/.