Bizitza erabilgarria

Ondasun, azpiegitura edo aktibo baten bizitza erabilgarria aktibo hori kondizio egokietan edo ezarritako helburuak betetzeko moduan erabiltzea aurreikusi edo espero den denbora da. Bizitza erabilgarriaren iraupena baldintzatzen duten faktoreak ondasunaren hasierako ezaugarriak, erabilera-maila, etekin ekonomikoa ematen jarraitzeko gaitasuna, mantenimendua, egin beharreko konponketa eta eraberritze handiak eta zaharkitzapena aurrera dezaketen aurrerapen teknologikoak dira. Hala eta guztiz ere, aurreikusitako bizitza erabilgarriaren amaierak ez dakar beti berarekin aktiboaren erabileraren amaiera, horren bizitza ekonomikoa luzeagoa izan baitaiteke egokiro funtzionatu eta errentagarria izaten jarraitzen badu (sorzten dituen etekinak kostuak baino handiagoak direnean). Adibidez, enpresan makina batek orduko 200 pieza egin behar dituela ezartzen bada, hori betetzen den bitarteko denbora da bizitza erabilgarria; baina bizitza ekonomikoa luzeagoa izan daiteke, makinak etekinak sor ditzakeelako hortik aurrera, enpresak nahi bestekoak ez badira ere.

Bizitza erabilgarriaren zehaztapena ezinbestekoa da amortizazio tekniko edo ekonomikoa kalkulatzeko; adibidez, aktibo baten eskuratze-prezioa 3000 eurokoa izan bezen, eta horren bizitza erabilgarria 3 urtekoa dela irizten bada, enpresak urtero 1000 euroko amortizazioa aurreikusi beharko luke bere mozkin garbiak kalkulatzerakoan. Aktiboa guztiz amortizatu bitarteko denbora hori aktiboaren bizitza finantzarioa da, eta esan bezala bat dator hasiera batean zehazturiko bizitza erabilgarriarekin. Hala eta guztiz ere, bizitza erabilgarria kontzeptu malgua da, eta aktiboa erabili ahala luzatu edo laburtu daiteke, eta beraz bizitza finantzarioa baino handiagoa edo txikiagoa izan daiteke azkenean.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, service life; gazteleraz, vida útil.

Ikus, gainera