Blokeak (esperimentuen diseinua, bariantza analisia)

Esperimentuen diseinuan, blokeak sortzea errore esperimentala murrizteko tresna bat da, dagokion bariantza-analisian efizientzia eta zehaztasun handiagoak dakartzana. Aleatorizazioarekin batera, esperimentuen diseinuak egiteko estrategia erabiliena da. Esperimentu bat garatzen dugunean, tratamendu baten eragina neurtu nahi da erantzun-aldagai batean; blokea sartzea erantzun-aldagaian eragina duen beste faktore bat sartzea da, errorea murriztearren.

Blokeak sortzeak ekar dezakeen onura erakusteko, eman dezagun adibide bat: A eta B landareen  produktibitatea alderatu nahi da (landare mota faktorea da, eta bi landareak tratamenduak), horretarako landare batzuk hartu eta esperimentatzteko eskura dugun soro-zatietan (unitate esperimentalak) banatzen dira. Esperimentuko emaitzetan sortzen den errorearen iturburuetako bat A eta B landareen banaketa aleatorioarekin zerikusia du, berezko aldakortasunarekin batera; banaketa aleatorio horren bitartez gerta liteke A landareak soroaren ipar aldean kokatzea non eguzkiak gutxiago jotzen duen; sor daitekeen efektu hori ezabatzeko soroa bi bloketan banatu (ipar eta hegoa) eta horietako bakoitzean A eta B landareak zoriz banatu daitezke, eta horrela mota bateko landare gehienak soro-zati batean kokatzeko arriskua ezabatu egiten dugu, soro zatiak (ipar/hego) duen eragina kuantifikatzeaz gainera, eta hori guztia lagin-tamaina handitu gabe.