Botere-borondatea

Botere-borondatea edo boterearen borondatea (alemanieraz, Der Wille zur Macht) Friedrich Nietzsche filosofoak (1844-1900) asmaturiko terminoa izan zen, mundua eta gizakia irudikatzeko. Horren bitartez Nietzschek mundua eta gizakia indar kontrajarri, kaotiko eta kualitatiboki ezberdinen mendean daudela adierazi nahi izan zuen, arrazionaltasunetik inposatzen diguten errealitate mekanizistaren aurka. Horrela, ikuspegi anitzekoa eta aldakorra da errealitatea, etengabeko bilakaeran, eta hura azaltzeko inposatu nahi den egia bakarra, egia zientifikoa esaterako, murriztailea litzateke definizioz (ikus, erredukzionismoa). Kosmologian botere-borondateak naturaren kaosa adierazten duen bitartean, gizakiaren kasuan botere-borondateak bere baitan lehian diharduten desirak, grinak eta arrazoia bera dira, bata besteari gailendu gabe. Botere-borondateak ez du esan nahi borondateak botere bilatzen duenik, baizik eta gizakiaren berezko boterea dela borondatea, desira, irrika eta grinak izatea, eta haietarako gogoa izatea. Nietzscherentzat botere-borondatearen emaitza dira artea, eta baita morala eta zientzia ere, mundua zentzuari ematen dion oro, hain zuzen Nietzschek botere-borondatea ematen duen bertutea dela adierazi zuen. Hala eta guztiz ere, artistak, maitaleak eta abenturazaleak lirateke botere-borondatearen ordezkari behinenak, baina berezko indar sortzailea izan beharko litzatekeena ahulduta dago Mendebaldeko kulturan haren iritziz, kristau moral negatiboaren nagusitasunaren ondorioz bereziki.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, will to power; gaztelaniaz, voluntad de poder.

Ikus, gainera