Bulnerabilitatea

Gizarte bulnerabilitatea edo urrakortasuna pertsonek eta gizataldeek arrisku edo mehatxu posible edo balizko bati aurre egiteko duten ezintasun edo zailtasuna da, haien ongizatea kolokan jartzen duena. Bulnerableak diren pertsonek eta gizataldeek bazterketa edo esklusio soziala pairatzen dute askotan, eta horrexek egiten ditu bulnerable: sare sozial batean txertaturik ez daudenez eta erakunde publikoetatik jasotzen duten babesa mugatua denez, arrisku egoera batean jausten badira, horren ondorio kaltegarri guztiak pairatzen dituzte, haien bazterketa handituz eta pertsona horiek egoera kritiko batera bultzatuz. Bulnerabilitatea egoera ekonomiko larriekin, familia desegituratuekin, gaixotasunekin eta adikzioekin loturik agertzen da maiz. Bulnerabilitatearen aurkako kontzeptua erresilientzia da, pertsonek arrisku eta egoera kritikoetatik onik ateratzeko ahalmena adierazten duena.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, vulnerabilidad social.