Burbuila ekonomikoak: higiezinen burbuilak, burtsako burbuilak, ...

Burbuila ekonomikoak ondasun baten merkatuko prezioa bere balio intrintsekoa baino askoz ere handiagoa denean gertatzen den desorekako egoera da, azkenean burbuila lehertzera daramana, galera handiak eta bestelako ondorio ekonomiko larriak ekarriz. Burbuila ekonomikoen lehertzeak izan ziren izan ziren 1929ko kraxa, puntu com krisia 2000 urtean eta higiezinen burbuila eta lehengaien burbuila 2008 urtera arte, azkenean Atzerakada Handia ekarri zuena; antzina ere izan ziren burbuila ekonomikoak, XVII mendean Herbehereetan izandako tupimania delakoa kasu, tulipanen inguruan, gezurra badirudi ere, tupilan lorea hain ondasun apal eta sinplea izanik.

Burbuila ekonomikoen oinarrizko fenomenoa, merkatuko prezioaren eta balio intrintsekoaren arteko desoreka alegia, hazkunde ekonomiko bizi eta azkarreko aldietan abiarazten da, ondasun gero eta garestiago horiek  ordaintzeko kredituak eskuratzeko erraztasun handiak direnean, hazkunde-aldiak indartsu jarraituko duelakoan. Azkenean, ordea, burbuilak lehertu egiten dira, eta hazkunde-aldi azkarraren ondoren, depresio-aldi larria etortzen da beti. Burbuila ekonomikoen beste ezaugarri garrantzitsua espekulazioarekin eta portaera taldekoiarekin du zerikusia; hain zuzuen, burbuilak hazten doaz merkatuak, jendeak, igurikimen positiboak dituelako burbuilako ondasunei buruz, hau da, jendearen sinesmen orokorra da prezioek garestitzen jarraituko dutela eta ondorioz prezioaren arrazionaltasunari buruz galdetu gabe, zalantzarik gabe, erosi egin behar dela; halaber, burbuila egoeran, ondasun edukitzeak aberastasunaren hautematea, nork bere burua aberats ikustea, indartu egiten da, mota bereko ondasun gehiago eta hobeak eskuratzera bultzatuz. Finean, burbuilak baliabideen esleipen inefiziente edo desegokia dakar, azkenean merkatuak oreka bilatzeko berezko joeragatik (ustez) zuzendu egiten dena, burbuilaren lehertzearen bitartez, prezioak zuzendu baina aberastasun galera handia dakarrena, maiz merkatuko informazio eskasa duen jende xumearen artean, inbertitzaile handiak eta aberatsak merkaturik erretiratu direnean jada.