Kurrikulu formala, kurrikulu erreala eta kurrikulu ezkutua

Hezkuntzan, kurrikulu formala hezkuntza-prozesuaren planifikazio eta antolakuntza esplizitua da, horretarako baliabideak, teknikak eta irakatsi eta ikasi beharreko ezagutza eta trebezia teorikoak nahiz praktikoak zehazten dituena, ustezko arrazionaltasunaren eta eraginkortasunaren irizpideak oinarritzat harturik, eta egitura administratibo, legal, ekonomiko, eta politiko baten baitan garatua.

Kurrikulu formala praktikan jartzen denean, irakasleen eta hezkuntza-komunitateko beste eragileen aldetik, kurrikulu erreala sortzen da, ikasgai, jarduera eta ebaluazio jakinetan zehaztuta. Kurrikulu formalak kontrolatu egiten du kurrikulu erreala eta desbideratzen den hezkuntza-jartdunean, irakasleengan eta ikasleengan, esku hartzeko baliabideak baditu. Kontrolatzeko modu bat ebaluazioa da; jakina denez, ezagutzaren transmisioa ez da erregular eta gorabeherarik gabekoa, eta finean ikasleak berak eraikitzen du bere baitan, bere ezaugarri pertsonal eta zirkunstantzia sozialen arabera.

Kurrikulu ezkutua kurrikulu formalak esplizitatu edo zehatz ezartzen ez dituen alderdi inplizituen multzoa da, ideologia, irudikapen, jarrera, balio, ohitura eta sinesmenak txertatzen dituena ikasleengan. Ikasleta-planetan eta bestelako hezkuntza-arautegian ez badago ere, erakunde sozialak indartu eta iraunarazteko ezinbestekoa da. Esan liteke kurrikulu morala  dela, ikaslea gizarteratzera bultzatzen duelako, hala nola gogor lan egin eta hiritar zuzena izan behar delako arau inplizituak ezarriz. Maiz aztertzen eta gainditzen saiatzen den kurrikulu ezkutuaren alderdi bat generoarekin du zerikusirik, eta ikasleengan sexuen arteko desberdintasunak barneratzen ditu; horren aurka egiteko eskolatik bertatik aurrera eraman daitekeen kohezkuntzaren baliabideak daude.