Dasein (definizioa)

Dasein (literalki, alemanieraz, "hor izan") Martin Heidegger (1889-1976) alemaniar filosofo existentzialistak sorturiko kontzeptua gizakiak munduan egon eta munduarekin, gauzekin nahiz pertsonekin, harremanak izateko modua deskribatzeko. Hiru dira Dasein delakoaren ezaugarriak: faktualitatea, gizakiak mundura jausita dagoela adierazten duena, bizitzaren erdian amets batetik esnatu izatearen sentsazioa, eta aldi berean iraganaren mendean egotearena, eragin ditzakeena; existentzialtasuna, gizakiak bere bizitza etorkizunera proiektatua izatea, halako irekitasun bat, ahalmen eta posibilidadez betea; eta erorketa, gizakia egunerokoan galtzea, benetazkoa ez den bizitza aurrera eramanez, existentzialitateak eramaten duen posibilidadearen azken muga, heriotza alegia, saihestu nahian.