Deflazioa

Deflazioa prezioen jaitsiera orokorra eta iraunkorra da, inflazio negatiboa alegia. Deflazioa kontsumitzailearentzat mesedegarria dela irizten bada ere, prezioak txikiagoak izanda, bere erosketa-ahalmena handiagoa delako, deflazioa egoera ekonomiko orokorra atzera egitea ekartzen du, langabezia goitituz eta kontsumoa gutxituz. Izan ere, hasiera batean prezio merkeekin gehiago erosten bada ere, epe ertainera prezio jaitsiera berrien perspektibak erosketak atzeratzea eta kontsumo murriztea ekarriko du.

Hainbat arrazoirengatik gerta daiteke deflazioa, baina funtsean denak eskaintza handiegia izaetagatik eta eskaria murrizteagatik gertatzen dira: eskaintza gehiegizkoa denez, dagoen eskariari buruz, enpresek (eta partikularrek ere bai, higiezinen kasuan adibidez) euren produktuen prezioak jaitsi behar dituzte produktuak saldu ahal izateko, deflazioa eraginez hartara; eskaria murrizten denean prozesu berdin garatzen da, baina eskaria txikiegia delako eskaintzen diren produktu guztiak hartzeko. Arrazoi orokor horretara daramaten beste arrazoi batzuk badaude:

  • Kapital-merkatuetan izandako aldaketek, hala nola interes-tasen jaitsierak, finantza-erakundeen politikak zein inbertizaileen jarrerak arriskuarekiko, enpresa eta negozio berriak bideratu eta eskaintzen handitu dezakete.
  • Produktibitate orokorraren handitzeak eskaintza handitzea ekar dezake. Produktibitatea, ordea, ez da beti berrikuntzarekin loturik, eta soldata baxuagoekin ere loturik egon daiteke, deslokalizazioarekin bitartez esaterako.
  • Diru-eskaintzaren jaitsierak enpresek eta partikularrek ondasunak erosteko diru gutxiago izatea dakar, eskari orokorra murriztuz.
  • Gobernuen austeritate edo herstura-erabakiek gastu publikoa murriztuz esaterako, eskaria gutxitu egiten dute.1

Deflazioa abiarazten duten arrazoiak positiboak izan daitekeen arren, produktibitatea gehitzeagatik esaterako, behin deflazioa abiatuta, hori geldiaraztea problematikoa da, kiribil edo espiral deflazionista izeneko gurpil zoroa sortzen baita. Kontsumitzaileek, prezioak jaitsiko direla jakinik, erosketak atzeratu egingo dituzte; horren ondorioz, enpresek euren produkzioa murriztu eta langileak kaleratzen dituzte; familien errenta murriztu egiten da ondorioz, eskaria berriz ere gutxituz, enpresak produkzioa berriz ere jaitsi beharra ekarriko duena berriz ere. Horrela, deflazioaren ondorioak mozkinen jaitsiera, kaleratzeak, kontsumo-jaitsierak eta inbertsioen beherakada.

Deflazioari aurre egitea zaila bada ere, soluzio ohikoenak diru-eskaintza handitzea eta interes-tasak murriztea da, horretarako muga finko bat dagoen arren, interes-tasa ofizialak ezin baitira 0-tik behera jaitsi.

Historian, deflazio-aldiak Industria Iraultzan, produktibitatearen gehikuntzarekin loturik, eta Depresio Hnadian, 1929ko kraxaren ondoren, izan ziren.

Erreferentziak