Demokrazia

Demokrazia subiranotza, erabakiak hartzeko ahalmena alegia, herritar guztiek berdintasunez duten ordena politikoa da. Demokrazia zuzena herritarrek erabakiak zuzenean hartzen dituzten sistema da; demokrazia ordezkagarrian, berriz, herritarrek erabakiak haien ordez hartuko dituzten ordezkariak aukeratzen dituzte, orokorrean politikariak deitzen direnak. Demokrazia hitza antzinako grezierazko demokratia hitzetik dator (demos, "herria", eta kratos, "gobernua" hitzetatik osatua), eta jatorrian K.a. V. mendean Antzinako Greziako zenbait hiri-estatuetan, Atenasen esaterako, garatu ziren sistema politikoak izendatzeko erabili zen.

Herriaren subiranotza baino haratago, demokrazia herritarren berdintasunean, demokrazia herriak ezarritako legearen aplikazioan, herritarren eskubide eta askatasunean, parte hartze askea bermatzen duen hauteskunde-sistema eta herritar guztientzako hezkuntza-sistema batean ere oinarritzen da. Tradizio marxistan, ordea, estatu oro, nahiz demokratikoa, nahiz ez demokratikoa, zapaltzaileak dira, eta soilik klaserik gabeko gizarte komunista batean egongo lizateke benetako demokrazia.

Aipuak

  • "Niretzat demokrazia estatistikaren gehiegikeria da. Eta gainera ez dut uste inongo baliorik duenik. Uste duzu matematikako edo estetikako problema bat ebazteko jende gehiena kontsultatu behar dela? Nik esango nuke ezetz; orduan zergatik pentsatu behar da jende gehienak politikaz badakiela? Egia esan, ez dakite, eta lotsagabeen sekta batek engainaturik daude, nazioko politikariek alegia. Jaun eta andre horiek horien erretratuak zabaltzen doaz hortik, promesak egiten, batzuetan mehatxuak, jendea erosiz alegia. Nire ustez, politikariarena gizakiaren lanbide tristeenetakoa da. Hori ez dut esaten inongo politikari zehatzen aurka. Orokorrean diot, guztion aurrean jator agertu nahi duen pertsona bat lotsagabea dela guztiz. Ez diot inongo errespeturik politikariari, politikari gisa." - Jorge Luis Borges.

Ikus, gainera