Deszentralizazioa

Deszentralizazioa edo dezentralizazioa organo edo erakunde zentral edo nazional batek dituen eskumen, atribuzio eta ardurak maila txikiagoko organoetara aldatzea da, hala nola eskualde edo herri mailako organoetara, estatuaren eta administrazio publikoaren efizientzia eta gobernantza hobetu edo besterik gabe herritarrenganako gertuagoko kudeaketa sustatu eta finean demokrazia eta herritarren partehartzea indartze aldera. Adibidez, deszentralizazio ariketa litzateke mendi eta basoen kudeaketa administrazio zentral eta nazional batetik tokiko administrazio edo udalen esku uztea. Deszentralizazio maila desberdinak bereizten dira: arduren dekontzentrazioa, ardurak jasotzen dituzten organoek erabaki-ahalmen mugatua dutenean, delegazioa, autonomia maila handiagoarekin, eta deboluzioa, eskumen osoak beraganatzen direnean, eta eskumenak hartzen dituzten organoek independentzia osoa hartzen dutenean. Nolanahi ere, deszentralizazioak bere helburuak beteko baditu,  maila guztietako koordinazioa eta organoen arteko lankidetza ezinbestekoak izango dira.