Dibertsifikazioa enpresan

Agian finantza dibertsifikazioa bilatzen ari zinen.

Enpresako dibertsifikazioa produktu edo zerbitzu berriak eskaini eta kontsumitzaile-talde eta merkatu berrietara zabaltzeko enpresa-estrategia da. Helburua enpresaren hazkundea, eskala-ekonomiak eskuratzeko adibidez, eta arriskua mugatzea izaten dira. Hasiera batean , bi eratara egin daiteke dibertsifikazioa: alde batetik, inbertsio berriak eginez enpresaren baitan; eta bestetik,  enpresa berriak eskuratuz edo haiekin bat eginez. Produktu, merkatu eta jarduera berriak loturik egoten dira enpresako ohiko jarduerarekin, baina produktu eta jarduera erabat berriekin ere egin daiteke dibertsifikazioa.

Hainbat dibertsifikazio-estrategia daude:

  • dibertsifikazio horizontala, enpresak bere sektore edo jarduerako nagusiko produktu eta merkatu berrietara zabaltzen denean (adibidez, Gipuzkoan mila lore izeneko eztia ekoitzi eta saldu egiten duen enpresa batek beste ezti mota batzuk ere saltzera igarotzen denean).
  • dibertsifikazio bertikala, enpresak lehen merkatuan eskuratzen zituen produktuak eta zerbitzuak berak ekoiztera igarotzen denean (adibidez, okindegi batek orain arte erosi egiten zituen irinak ere berak ekoiztera igarotzen denean).
  • dibertsifikazio kontzentrikoa, dibertsifikazioa enpresaren ohiko jarduerarekin loturik dagoenean, baina produktu berriak eta kontsumitzaile talde berriak bilatuz (adibidez, eztia ekoizten duen enpresa batek eztiaren produktu deribatua den propoleoarekin sendagarriak egitea erabakitzen duenean). Abantaila moduan, enpresaren banakuntza-sare berdina erabiltzeko aukera emanten du.
  • konglomeratuzko dibertsifikazioa, enpresa bere jarduera nagusiarekin loturik ez dauden produktu eta merkatu guztiz berrietara zabaltzen denean.