Diktadura eta diktadoreak

Francisco Franco Espainiako diktadorea izan zen 1939-1975 bitartean. Agintaritzara estatu-kolpe eta ondorengo gerra zibil batez heldu zen.

Diktadura (latinezko dictator hitzetik, Erroman botere absolutua zuen majistratua) herrialde batean pertsona edo talde txiki batek botere absolutua dueneko erregimen politiko autokratikoa da, non agintaritza modu autoritario batez burutzen den, herritarren borondatea kontuan hartu gabe, ideologia totalitario bat inposatuz. Kontzeptu politiko modernoa da, XIX. mendetik eratutako erregimen politikoei aplikatua, demokraziari guztiz kontrajarria. Diktadoreak diktaduran agintzen duten pertsonak edo taldeak dira.

Diktadurak estatu-kolpe, iraultza nahiz gerra zibilen ondorioz sortzen dira gehienetan, herrialdearen eraketa instituzionala eskasa denean eta herriaren erantzuna ahula dela baliatuz. Beste batzuetan, herriaren onespenarekin ere eratu daitezke, herriak ideologia totalitarioa onartzen duenean.

Diktaduraren ezaugarri nagusia diktadore edo agintariaren botere absolutua da, erakunde demokratikoak eta botere banaketa bertan behera uzten dituena, maiz bere kontrolpeko erakunde sasidemokratikoak ezarriz, boterea legitimatzeko, baina aldi berean eskubide zibil eta giza eskubideekiko mespretxua, zuzenbide-estatuaren galera, militarismoa eta estatu polizial baten bilakaera ere ohikoak dira.

Zenbair diktadura-mota bereizten dira:

  • diktadura personalistan, pertsona bakar bat da estatu burua, lider politiko eta ideologikoa da, maiz pertsonalitateari kultuaz; adibidez, Hitler agintaritza Hirugarren Reichean eta Francoren diktadura Espainian.
  • diktadura militarra, batzar militar batek herrialdea gobernatzen duenean; adibidez, Argentinako Junta Militar delakoa 1976-83 bitartean
  • proletalgoaren diktadura, marxismoaren kontzeptua, sozialismora heltzeko behar den tarteko fasea, iraultza sozialistaren ondorengoa.