Diogenes Laertzio

Diogenes Laertzio edo Diogenes Laerzio K.o. II. mendeko greziar idazlea izan zen, bereziki ezaguna antzinako greziar filosofoei buruz idatzi zituen biografiengatik. Septimio Severo eta Karakala erromatar enperadoreen garaikoa, eta iturri batzuen arabera bere jaioterria Bitinia eskualde historikoko Nizea hiria izan zen, Anatolian, egungo Turkian.

Laertziok Filosofo ospetsuen bizitzak, zehatzago Filosofo ospetsuen bizitza, irakaspen eta aipuak, izenburupean bildu zituen filosofoen biografiak, antzinako filosofiaren historia ere osatzen dutenak, hamar liburukietan. Bilduma horretan anekdota eta xehetasunak biltzen dira franko, baina baita ere informazio biografiko eta bibliografiko interesgarria. Idazki horietako xehetasunei buruzko segurantziarik ez badago ere, egun historiografian onartzen den iturria da.

Filosofiaren historiari dagokionez, eskola filosofikoen laburpenak eman zituen. Bi adarretan bereizi zuen antzinako greziar filosofia: ioniar eskola alde batetik, eta italiar eskola bestetik. Ioniar eskola hirutan bereizten du berriz Sokrates ondoren: Platon eta Akademia, Klitomakorengana heldu arte, zinikoak, eta Aristoteles eta Teofrastro. Bereziki betea da Epikurori eta haren filosofiari buruz ematen duen informazioa, eta horregatik Laertzio bera epikuroarra zela baieztatu izan da, funts handirik gabe ordea. 1 2

Erreferentziak

1.
Diogenes Laertius. IEP. http://www.iep.utm.edu/dioglaer/. Accessed 2018.
2.
Diogenes Läertius. Britannica. https://www.britannica.com/biography/Diogenes-Laertius. Accessed 2018.