Diru-zuriketa edo diru-garbiketa, kapital-zuriketa ere deitua, delituz zein zerga-iruzurra eginez eskuratutako dirua finantza-sisteman kokatu, haren jatorria ezkutatu eta legez eskuratutako diruaren itxura emateko jardueren multzoa da. Diruaz gainera beste ondasun batzuk ere zuritu edo garbitzen denez, kapital-zuriketa terminoa hobesten da. Batzuetan bereizketa hau ere egiten da: zerga-iruzurra eginez eskuratutako diruari diru beltz deitzen zaio, eta legez kanpo eskuratutakoari diru zikin. Diru-zuriketa eta garbiketa hitzak XX. mendeko lehen hamarkadetatik erabiltzen dira, Estatu Batuetako mafiek ikuztegi-sarea antolatu zutenean, legez kanpo eskuratzen zuten dirua bideratzearren.
Anitz dira dirua garbitzeko erabiltzen diren metodoak, hala nola aitortu beharrik ez duten ondasunak eta zerbitzuak erostea (autoak, bidaiak, ...); diru beltza edo zikina kopuru txikitan bideratu legezko banku-kontuetara (pitufeo, gazteleraz; smurfing, ingelesez); dirua atzerrira eramatea, zerga-paradisuetara bereziki; eta pantaila-enpresak eta bestelako alegiazko enpresak sortzea, diru beltza eta zikina enpresa horietatik pasarazi eta legezko itxura emateko.1