Zalantza metodikoa

Zalantza metodikoa edo duda metodikoa René Descartes filosofoak (1596-1650) ezagutzara iristeko ezarri zuen oinarrizko printzipio  epistemologikoa izan zen, eta metodikoa deitzen zaio orokorra delako, ezagutza arlo guztietako baieztapenak aztertzen dituenez gero.

Duda metodikoaren arabera, zalantzazkoak izan daitezkeen baieztapen guztiak baztertu behar dira, eta horien artean daude zentzumenetatik datozkigunak eta arrazoi deduktibotik, hots matematikatik, jasotzen direnak. Hartara, mundu fisikoari eta norberaren gorputzari buruzko ezagutzak ere ukatu beharko lirateke, baina bakarrik haiei buruz zalantzarik balitz. Horrek ez du esan nahi errealak ez direnik; hain zuzen, Descartesen arabera egiazkotzat har daitezke mundu fisikoari eta matematikari buruzko hainbat baieztapen, baina betiere zalantzarik gabe, hots modu argi eta bereizi batean, azaltzen bazaizkigu.

Zalantza metodikoa cogito ergo sum printzipioa eratortzeko baliatu zuen Descartesek, zeinaren arabera dudarik gabeko errealitate bakarra  norberaren cogito, arima edo gogamena den (res cogitans), zalantza metodikoaren arabera fisikoa ezin dena izan (res extensa), hori zalantzazkoa baita berez. Horregatik hain zuzen onartu behar dira zalantzarik gabe azaltzen zaizkigunak, argitasun hori cogitotik etortzen zaigulako zuzenean.