Egia-ostea

Egia-ostea XXI. mendean garaturiko kontzeptua da, modernitatean nagusi izan den egia-gezurra dikotomia gaindituz (eta hortik oste atzizkia), eta errealitate faktual eta objektiboa erlatibizatuz, sinesmenak eta emozioak egia balio nagusitzat hartzen dituzten egoera eta fenomeno soziopolitikoen multzoa da. Gaitzespenez hartu izan den kontzeptua izan da, botere politiko eta faktikoen manipulazioarekin eta iritzi publikoa sortzen duten propaganda mekanismoekin. Postmodernitatearen erlatibismoaren eta subjektibismoaren ondorioa dela aipatu da, egia desegitearen kausa, balio guztietariko mezuak eta diskurtsoak Interneten zabalkuntza itzela lortzen duten garaietan, azkenean errealitateari aurre egiteko ezintasuna adierazten duena. Horrela, "etorkinek lana lapurtzen digute" eta "pentsio-sistema desagertuko da" egia-osteko adierazpenak dira, datu objektiboetan baino egoera emozional baten islada, egiari nagusitzen zaiona. Konspirazio-teorien eta albiste faltsuen zabalkuntza ere egia-osteko fenomenoak lirateke.

Terminoa 1992an erabili zen lehen aldiz Steve Tesich idazleak, iritzi publiko estatubatuarrak egia-osteko mundu batean erabaki zuela adieraztean, gobernuaren azalpenak onartu zituenean Irangate, Golkoko Gerra eta beste auzi deserosoen inguruan. 2004an Ralph Keyes idazleak egia-ostea hartu zuen gai zentraltzat The Post-Truth Era: Dishonesty and Deception in Contemporary Life lanean. Harry G. Frankfurt estatubatuar filosofoa izan da egia-ostearen inguruko pentsalari nabarmenetakoa, 2005 urtean politikatik egia nahasteko darabilten diskurtso hutsen gainean On bullshit (Hitz-jario hutsari buruz)  idatzi zuenetik.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, post-truth; gaztelaniaz, posverdad, posveracidad.