Eiakulazio lasterra

Eiakulazio lasterra edo eiakulazio goiztiarra sarpenaren aurretik, estimulazio edo kitzikatze arin batekin, edo sarpena gertatu eta oso gutxira, segundu gutxitara, eta pertsonak nahi baino lehenago, gertatzen den eiakulazio edo isuria da, sexu harremanak behar bezala gozatzea eragozten duena eta gizonarengan larritasuna eta antsietatea sortu ohi duena, sexu harremanak baztertzeraino.  APAk (Amerikar Psikiatria Elkartea) 2013an plazaratu zuen gaixotasun mentalen diagnostiko eta estatistikaren bosgarren eskuliburuan («Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disorders, DSM-5») nahasmendu sexual moduan agertzen da; disfuntzio sexual ohikoena da, horren prebalentzia populazioaren %20-%30-era helduz.

Diagnostikorako, pazientearen aurrekari mediko eta sexualak hartu behar dira kontuan, bereziki gaixotasun kronikoak, gaixotasun mentalak, endokrinopatiak eta gernu-aparatuko gauxotasunei buruz. Anamnesiari esker, eiakulazio lasterra noizbehinkakoa edo iraunkorra, bikotekide guztiekin eta aldi guztietan, gertatzen den jakin daiteke. Eiakulazioaren iraupenaz, kitzikapenaren intentsitateaz, sexu harremanetan duen eraginaz eta droga eta botiken kontsumoaz galdetu behar da. Batzuetan, pazienteek disfuntzio zutikorrarekin nahasten dute eiakulazio lasterra, eiakulatu ondoren zakilaren gogortasuna galtzen dela ezjakin, biak arazo guztiz ezberdinak diren arren. Hortik aurrera, diagnostikoa egiteko oinarrizko faktoreak eiakulazioaren latentziaren denbora bagina barruan, pazienteak berak nabaritzen duen kontrola, herstura eta antsietatea eta besteekiko harremanen egoera orokorra dira.

Tratamendurako nahikoa izaten da eskuhartze psikosexuala, bereziki terapia konduktistak:

  • eiakulazioa datorrela nabaritzean kitzikapena geldiaraziz, isurtzeko premia igarota berriz ere abiatzeko;
  • kitzikapena mailakatuz, pazienteak maila horien arteko ezberdintasunak nabari ditzan, zehatzago eiakulazio-atalasea nabaritzen ikas dezan;
  • sexu harremanaren aurreko masturbazioa.1

Erreferentziak

1.
Guía clínica sobre la disfunción sexual masculina: disfunción eréctil y eyaculación precoz . Asociación Española de urologñia. http://aeu.es/UserFiles/DisfuncionSexualMasculinaDisfuncionErectilYEyaculacionPrecoz.pdf. Published 2010.