Ekintzailetza, ekintzailetasuna eta ekintzaileak

Ekintzailetza enpresa proiektu berriak eratu, abiarazi eta garatzeko jarduera da, berrikuntza ardaztzat harturik. Jarduera hori aurrera daramaten pertsonak ekintzaileak dira, ekintzailetasunaren gaitasuna eta trebetasuna dutenak. Maiz, ekintzaile eta enpresari kontzeptuak parekatu dira, eta asko dira enpresari eta ekintzaile aldi berean direnak, baina bi figurak bereizi beharra dago.

Beste alde batetik, ekintzailetaza enpresa berrien sorkuntzarekin loturiko kontzeptua izan da sarri (startup companies, ingelesez) baina bada jada lanean diharduen enpresa barruan garatzen den ekintzailetza mota bat, barne ekintzailetza deitzen dena.

Ekintzaile hitza, jatorrian entrepreneur, Frantzian asmatu zen 1755 urtean, Richard Cantillonen eskutik, eta ziurgabetasun egoeretan arriskuak bereganatzen dituen pertsona izendatzeko erabili zen. Jean-Baptiste Say ekonomialarentzat, 1800 urtearen inguruan adierazi zuenez, ekintzailea produktubitate txikiko jardueretatik produktibitate handikoetara aldatzen den pertsona da, eta beraz ekintzailearen ezaugarri nagusitzat aldaketa ezartzen du. Joseph Alois Schumpeter ekonomialariak (1883-1950) luze eta zabal aztertu zuen figura izan zen; harentzat ekintzailearen ezaugarri nagusia berritzailea izatea da, inbertitzailea eta kudeatzailea baino gehiago, eta bere ideiak aurrera eramateko ingurunean aurkitzen dituen oztopoak gainditzea da bere erronka nagusia.

Hiztegia (ekintzailetza): ingelesez, entrepreneurship; gaztelaniaz, emprendizaje.

Erreferentziak

  • Inmaculada Carrasco, M.ª Soledad Castaño: EL EMPRENDEDOR SCHUMPETERIANO Y EL CONTEXTO SOCIAL, 2008.