Ekoizpen faktoreak

Ekoizpen faktoreak produktu eta zerbitzuen ekoizpenean beharrezkoak diren input edo sarrerak dira, haien konbinazio egoki batez produktua edo zerbitzua emaitza izango dutenak. Adibidez, garia egiteko soroa, ura, haziak, makineria, nekazariaren lana, haren esperientzia eta hark garia landatzeko hartu duen erabakia bera behar dira; horiek guztiak behar den moduan bateratuz garia emango lukete eta beraz gariaren ekoizpen faktoreak lirateke.

Ekoizpen faktoreak lur, lan, kapital eta enpresaritza edo ekintzailetza (ingelesez, entrepreneurship) sailetan banatu ohi dira:

  • lurrak ekoizpenean behar diren baliabide naturalak jasotzen ditu; adibidez, gariaren kasuan soroa eta ura lirateke;
  • kapitala makineriak eta haziak erosteko behar izan duen diruak osatuko lukete;
  • nekazariarena litzateke lana;
  • azkenik, enpresaritzan nekazariaren esperientzia eta baita nekazariak garia landatzeko erabakia hartzean bereganatzen duen arriskua bilduko lirateke.

Beste alde batetik, ekoizpen faktore finkoak eta aldakorrak bereizten dira. Ekoizpen faktore finkotzat lurra eta kapitala hartzen dira, haien kopurua ezin izaten baita epe laburrera aldatu; aitzitik, ekoizpen faktore aldakorra lana izaten da, haren kopurua aldatu egin daiteke epe laburrera (adibidez, nekazariak berehala erabaki dezake soroan lan gehiago edo gutxiago egitea).

Ekoizpen faktoreetatik erabilitako kopuruak nola konbinatu behar diren jakiteko (sukaldean plater bat egiteko beharrezkoak diren osagaien moduan) aski izaten dira esperientzia eta eguneroko erabaki arrazionalak, baina matematikoki ere azter daiteke ekoizpen faktoreen kopuruak eta ekoizpena lotzen dituen ekoizpen funtzio baten bitartez. Ekoizpen faktoreen konbinazio ezberdinak erakusten dituen funtzio horretatik enpresak ekoizpenari buruzko erabakiak nola hartu behar dituen aztertzen da mikroekonomia izeneko arlo ekonomikoaren baitan.

Ikus, gainera