Ekoizpen funtzioa

Ekoizpen funtzio arrunt bat, langile kopurua ekoizpen totalarekin lotzen duena. Errendimentu beherakorren legea ikus daiteke bertan, puntu batetik aurrera langile gehigarri bakoitzak gehitzen duen ekoizpena gero eta txikiagoa dela erakusten duena.

Ekonomian, ekoizpen-funtzioa ekoizpen faktoreen kopuruak eta ekoizpena lotzen dituen funtzio matematikoa da. Funtsezko tresna ekoizpen prozesuaren teknologia aztertu, prozesuko eraginkortasuna baloratu, eta azkenean enpresak kostuak minimotu eta mozkinak maximotzen dituzten ekoizpen-mailak zehazteko. Produktibitatea aztertzeko ere erabiltzen da. Guzti horretarako, errendimendu beherakorren legea, epe laburrera, eta eskala-ekonomiak, epe luzera, aztertzen dira, ekoizpen funtzioen propietate jakin batzuk.

Era sinpleenean, input edo ekoizpen-faktore bakarra barnehartzen du, eta orduan ekoizpen-funtzio totala deitzen zaio. Input bat baino gehiago hartzen dituenean aldagai independente gisa, input horiek modu ezberdinetan konbinatzen dira ekoizpen-maila batera heltzeko. Konbinazio modu horri ekoizpenaren teknologia deitzen zaio eta haien artean Leontieff, Cobb-Douglas eta ordezko perfektuen teknologiak bereizten dira besteak beste, azkenean izen bereko ekoizpen funtzioak emango dituztenak, hurrenez hurren.