Ekonomia mistoa

Ekonomia mistoa eragile ekonomiko pribatuek eratzen duten merkatuan estatuak eskuhartze garrantzitsua duen sistema ekonomikoa da. Beraz, merkatu librearen ekonomia edo ekonomia kapitalista liberalaren eta ekonomia planifikatuaren artean legokeen sistema litzateke. Enpresa pribatuek hornitzen ez dituzten ondasunak eta zerbitzuak eskaintzea (ura, garraio publikoa, hezkuntza, osasuna), enpresa eta erakunde publikoen bitartez, eta zerga eta dirulaguntzen bitartez, adibidez pentsio-sistema publiko baten bitartez, errenta birbanatzea izaten dira estatuak eskuhartzeko moduak ekonomia horietan. Ekonomia mistoko sistema ekonomikoak bereziki Bigarren Mundu Gerraz geroztik garatu ziren, ongizate-estatuaren inguruan. Egun munduko herrialde gehienetako sistema ekonomikoak ekonomia mistoak direla esan daiteke.