Ekonomia zirkularra

Adiera hertsian, ekonomia zirkularra produktu et zerbitzuak ekoizteko baliabide materialak erabiltzean hondakinik sorrarazten ez dituen edota horiek guztiz birrerabili egiten dituen prozesu ekonomikoen multzoa da, jasangarritasuna heltze aldera. Hartara, ekonomia zirkularrak hondakinak balioetsi egiten dira beti, baliabide bihurtzen dira, produktu berriak sortzeko lehengai moduan edo naturara inongo kalterik edo galerarik gabe itzul daitezkeen input edo sarrera biodegradagarri moduan, prozesu ekonomikoan sortzen diren kanpokotasunak ezabatuz, hala nola zaborra eta kutsadura. Adiera zabalago batean, birziklatzea, berrerabilera, bizitza erabilgarriaren luzapena, kontsumoaren gutxitzea, energiaren erabilera eta ekoizpen eraginkorrak eta estraktibismoa baztertzea lirateke ekonomia zirkularraren beste ardatz osagarri batzuk, enpleguaren sorrerarekin eta gizarte ongizatearekin batera.1

XXI. mendera arte indarrean dagoen sistema industrialaren aldean, aldaketa sakonak proposatzen ditu horretarako ekonomia zirkularrak. Alde batetik, baliabide naturalen stock finituen fluxua guztiz kontrolatu egingo lukeen ekonomia litzateke, baliabide berriztagarriak lehenetsiz betiere; bestetik, ekodiseinua produktuak diseinatzeko paradigma orokortzat hartuko luke. Labur esanda, kontsumo fisikoen ziklo etengabea edo begizta eskatuko luke, bizitza-ziklo mugatua dakarren ekonomia linealaren aldean, non zikloaren bukaeran beti hondakinak sortzen diren.2

Gainera, ekoizle, gobernu eta kontsumitzaile guztien ekoizpen eta kontsumo moduetan aldaketak ekarri lituzke ekonomia zirkularrak, hala nola lankidetza-ekonomiaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren erabateko zabaltzea. Teknologian ere paradigma berria ekarriko luke, estraktibismoan oinarritutako teknologiak ordeztuz adibidez. Edonola ere, aldaketak maila guztietan gauzatu beharko lirateke, makro mailatik, administrazio publiko eta gobernuetan, zein mikroan, pertsona bakoitzaren aldetik. Kritika moduan, ekonomia zirkularra gehiegizko baikortasun teknologikoan oinarriturik dagoela eta elementu diskurtsiboa besterik ez dela aipatu da.3

 

Erreferentziak