Elektra

Greziar mitologian, Elektra Agamenon eta Klitemnestraren alaba da. Agamenon Troiatik itzuli zenean, Klitemnestrak eta bere maitale Egistok Agamenon hil zuten, Troiatik sari moduan ekarritako Kasandrarekin eta harekin izandako haurrekin batera. Elektra eta honen anaia Orestes salbu geratu ziren hilketaren ondoren. Urteak igarota, Elektrak eta Orestek aitaren hilketagatik mendekua hartu eta ama Klitemnestra eta horren maitale Egisto hil zituzten, kondairaren arabera.

Elektraren kondaira oinarritzat harturik, Sofoklesek eta Euripidesek Elektra izenburuko antzerki bana idatzi zuten, egun klasikotzat jotzen direnak.

Beste alde batetik, kondairan oinarrituta, psikoanalisian Elektraren konplexua izenekoa aztertu da, Ediporen konplexuaren parekoa, emakumeek haurtzaro txikian aitarenganako duten atxikimendua eta horrek amarekin duen harreman gatazkatsua izendatzeko.