Elikadura burujabetza

Elikadura burujabetza 1990eko hamarkadatik zabaltzen ari den kontzeptua da, munduko hainbat tokitako goseteari eta desnutrizioari irtenbide eman, elikagaien kalitatea eta osasungarritasuna landu, landako garapena sustatu eta ingurunea zaintze aldera. Ildo horretatik korporazio handien mesedetan eratutako elikagaien ekoizpen eta banaketa industrial eta liberalizatuaren aurkakoa da, eta nekazari, abeltzain eta arrantzale txikien aldekoa. Paradigma berria da beraz, elikadura lehen mailako plano politikoan eta ekonomikoan jartzen duena, pertsonei, familiei eta herriei, ekoizleei eta kontsumitzaileei, protagonismoa eta lehentasuna emanez. Honela definitu daiteke elikadura burujabetza: pertsonek eta herriek modu kontzientean kontsumitu nahi dituzten elikagai kalitatezko eta osasuntsuak eskura izateko eskubidea da, horretarako horien ekoizpena eta banaketa kontrolatuz, ingurunea zainduz eta erabateko jasangarritasunez, ondorengo belaunaldiek ere elikagaietan burujabeak izateko eskubidea izan dezaten.

Zehatzago, elikadura burujabetza zutabe hauetan oinarritzen da:

  • Elikagaiak ez dira salgai hutsa, pertsonen bizitza osasuntsu eta garapenerako funtsezko elementua baizik.
  • Ekoizleen bizimodua eta lana balioesten ditu.
  • Elikagaien ekoizpen eta banaketa hurbilak (tokiko ekoizleak) lehenesten ditu.
  • Lurraldeak elikagai osasuntsuak ekoizteko modu iraunkorrean gai izan daitezen kudeatzen ditu, jasangarritasunez alegia.
  • Landaguneak populatzea sustatzen ditu.
  • Teknologia tradizionalen defentsa.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, food sovereignty; gaztelaniaz, soberanía alimentaria.

Erreferentziak

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Elikadura burujabetza"; Gizapedian, urria 24, 2019, https://gizapedia.hirusta.io/elikadura-burujabetza/.