Enpedokles

Enpedokles (K.a. 494 - K.a. 434) Antzinako Greziako filosofo presokratikoa izan zen, pluralisten eskolakoa, medikua, politikoa eta poeta izateagatik ere ezaguna. Siziliako Akragas hirian jaio zen goi mailako familia baten baitan, demokraziaren alde jardun zuen eta oligarkiaren aurka. Bere lanetatik zati batzuk bakarrik gertatu zaizkigu, Naturaren gainean (Peri Physeos), lan mekanizista, eta Purifikazioak (Katharmoi), kutsu mistikoarekin, nahiz eta batzuen arabera bi lan horiek lan bakarra osatzen duten. Filosofian, Parmenides, Pitagoras, zeinarengandik transmigrazioaren ideia jaso zuen, Xenofanes, Anaxagoras eta Anaximandro irakasle izan zituela aipatu da. Gorgias sofista aipatzen da Enpedoklesen ikasle moduan. Platon eta Aristotelesen idazlanetan aipatzen da batzuetan, bere ideiei buruzko aipamenak eta iruzkinak eginez.

Enpedoklesen ziklo kosmikoa, munduaren bilakaera azaltzen duena.

Parmenidesengatik izatearen bakartasunaren ideia bereganatu zuen, baina munduko aniztasuna azaldu nahian, lurra, ura, airea eta sua hartu zituen unibertsoaren sorrerako lau funtsezko elementutzat (kausa materiala), erakarpenez eta aldarapenez, bateratuz eta bereiziz, Maitasunez eta Gorrotoz bere hitzetan (kausa efizientea), konbinatu egiten direnak, egungo unibertsoa sortzeko. Haren arabera, unibertsoa etengabeko bilakaeran dago, bi indar horien eraginez, ziklo edo esfera bat osatuz (Parmenidesen esferaren ideia egokituz): Maitasuna guztiz nagusitzen denean, elementuak erabateko orekan daude, baina Gorrotoa agertu eta elementu haiek bereizten hasten direnean agertzen da hain zuzen mundu sentikor aldakorra eta bizitza hilkorra, arimak gizaki, animalia eta landareetan gorpuztuta (zoogonia edo bizitzaren hasieraren azalpen bat emanez), hasierako batasunetik aldendurik, hasieran izaki bizidun horiek munstro moduan edo atal sakabanatuetan, guztiz bilakatu gabe, eta gero (Darwinen eboluzionismoaren aurrekaria ikusi dute batzuek hemen) gizakia eta animaliak itxura hartzen doazela; Gorrotoa nagusitzean hasiko da Maitasuna berriz ere indarra hartzen, gauzak harmonian jartzeko. Enpedoklesek Parmenidesen izate bakarraren ideia onartzen du, baino denboran dena aldatu eta bilakatzen dela ere baieztatuz, horretarako lau elementuen teoria baliatuz, eta airea, lurra, ura eta sua bereiziko diren arren, azkenean zikloaren buruan dena berriz bat izango dela aitortuz.