Enpresen fusioak

Enpresen fusio edo bat egiteak enpresa batzuk euren ondareak, oso osorik, bateratzea da. Bi motako fusioak bereizten dira:

  • fusio edo bat egite puruak, elkartzen diren enpresek enpresa berri bat sortzen dutenean. Horretarako enpresa horiek deuseztu behar dira, eta haien aktibo eta pasiboak enpresa berriak bereganatzen ditu. Helburua tamaina handiagoak dakartzan abantailak eta bateratzearen sinergiak lortzea da, merkatuan eraginkortasun eta lehiakortasun handiagoa izateko. Fusioa elkartzen diren enpresetako akziodunek erabaki behar dute. 
  • absortzio edo xurgapen bidezko fusioetan, berriz, enpresa batek beste enpresa batzuk bereganatzen ditu, eta xurgatzen diren enpresak soilik desagertzen dira, eta ez enpresa horien erosle den enpresa nagusia. Absortzioak erosketa bidez garatu ohi dira, desagertzen den enpresaren akziodunei dirua edo enpresa nagusiaren akzioak eskainiz.

Sektore batean diharduten enpresen fusioek ondorio kaltegarriak ekar ditzakete, hala nola enpleguaren murrizketak, sail bikoitzak ekidin asmoz, monopolioak, eta akziodun talde batzuek enpresen kontrola galtzea.