Epe laburra eta epe luzea

Epe laburra eta epe luzea (maiz epe ertaina ere aipatzen da bien tartean) fenomenoak aztertzeko nahiz erabakiak hartzerakoan ditugun ikuspuntu ezberdinak dira.

Fenomenoak epe laburrera aztertzerakoan, aldakortasuna edo gertaera harrigarriak izateko probabilitatea nabaria izaten da, zoriaren ondorioz, eta horrek zaildu egiten du jasotzen diren datuetatik informazio fidagarria eskuratzea. Adibidez, dado bat hiru aldiz bota (epe laburrera, beraz) eta guztietan 6 zenbakia suertatu bada, ezin da baieztatu dadoa 6 zenbakia maizago ateratzeko egina dagoenik. Horretarako askoz ere datu gehiago (epe luzea) beharko lirateke. Beste adibide bat eman dezagun: azaroan izandako hotzaldi baten ondorioz, ezin da ondorioztatu klima (berez, epe luzekoa den kontzeptu bat) aldatu denik; izan ere, epe laburrera, azaroak hartzen duen hilabetean alegia, ezinezkoa da jakitea gertatua uneko faktoreei edo faktore iraunkorrei dagokien. Horretarako, oso epe luzerako datuak, urtetan zehar, jaso beharko lirateke.

Erabakiak hartzerakoan ere ezinbestekoa da epe laburra/epe luzea bereizketa. Izan ere, batzuetan talka dago epe laburrerako eta epe luzeko erabakien artean, bietara begira aurrez ezarri ditugun helburuei buruz. Adibidez, hurrengo egunetan, epe laburrera alegia, ongi pasa eta ez ikastea erabakitzeak, epe luzera ikasturtea arrakastaz bukatzeko helburuaren aurka joan daiteke. Gehienetan ordea, behin edo gutxi batzuetan egiten dena, epe labur batean alegia, ez dago epe luzera bilatzen den helburuarekin kontrakarrean. Baina, epe laburrerako jokabide desegokiak errepikatzen badira, epe luzeko helburuak kolokan gera daitezke.

Beste batzuetan, epe laburrera ala epe luzera bakarrik begiratzen dugu, bietako bati begira, eta orduan zera gerta daiteke, epe laburrerako eta epe luzerako erabaki optimoak desberdinak izatea. Adibidez, urrutiko bidaia egiteko dirua eskuratu nahi bada, epe laburrean egitekoa bada, mailegua eskatu eta zorretan geratzea izan daiteke irtenbide bakarra; epe luzera egitekoa bada, egokiena aurrezten joatea, inorekin zorretan geratu gabe.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Epe laburra eta epe luzea"; Gizapedian, azaroa 9, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/epe-laburra-eta-epe-luzea/.