Epistemologia genetikoa

Epistemologia genetikoa (epistemologia, ezagutza aztertzen duen jakintza arloa, eta genesi, sorrera, hitzetatik) Jean Piaget psikologoak (1896-1980) haurrari buruz proposatu zuen ezagutzaren, adimenaren eta ikaskuntzaren teoria konstruktibista da. Horren arabera, adimena sujektua ingurunera egokitzeko tresna da, aldi batzuetan zehar garatzen dena, ume txikiak dituen erreflexuetatik abiatuta; Piaget-en beraren hitzetan, "epistemologia genetikoa ezagutza txikiagoko egoeratetik ezagutza handiagoko egoerertara pasatzeko prozesu eta mekanismoak aztertzen ditu".

Piaget-en arabera, ezagutzari aztertzerakoan bi motako teoriak eratu dira; alde batetik, teoria enpiristek ezagutza objektuetan dagoela baieztatzen dute; teoria aprioristak, berriz, subjektuak objektuen gainean ezartzen dituen egituren emaitza da. Piaget-ek tarteko bidea hartzen du, eta ezagutza objektu zein subjektuetatik eratortzen dela baieztatzen du, ume txikiek euren organismoa eta objektua bereizten ez dituztenez (ume txikiak ez baitu kontzientziarik), eta organismoak, objektuen gainean burutzen dituen eragiketen bitartez, zein objektuek beraiek ere, izango dira haurraren ezagutza aurrera bultzatzen dutenak. Ildo horretatik, epistemologia genetikoan asimilazioa deituko zaio subjektuak ingurunetik jasotzen duen informazioa (objektuak) bere eskemetara moldatzeari, eta akomodazioa edo moldaketa informazio berriaren aurrean subjektuak bere eskeman aldatzeko duen ahalmenari. Haurraren ikaskuntzaren teoria horretan, Piaget-ek bi aldi bereizten ditu: 18-24 hilabete artekoa, non adimena zentzumenezkoa eta mugimenduzkoa den, eta 2 urtetik aurrerakoa, non adimen kontzeptuala den, bereziki hizkuntzak ematen dituen ahalmenei esker.

Ikus, gainera