Erlijioa herriaren opioa da

Erlijioa herriaren opioa da Karl Marx filosofoaren esaldia da, klase buruzagiek erlijioa herria kontrolatzeko tresna moduan erabiltzen dutela adierazteko. Erlijioak sistema kapitalistako esplotazioa, alienazioa eta mixeriak ahaztu eta mundu honetaz haraindiko betiereko bizitza batean, Paradisuan alegia, sinetsarazteko balioko luke Marxen arabera. Esaldi horrekin, Marxek erlijioa baztertu eta zoriontasuna mundu honetan lortzeko deia egiten du, kapitalismoaren aurka altxatuz eta borrokatuz, sozialismoaren alde. Erlijioa berriz, mundu honetako zoriona ukatu, eta ilusiozko mundu batean oinarritzen da, gutxi batzuen alde antolatuta dagoen sistema bateko nekeak eta oinazeak ahantzaraziz.

Esaldiaren jatorrizko bertsioa alemanieraz dago ("Die Religion […] sie ist das Opium des Volkes”) eta 1844 urtean plazaratu zen "Hegelen zuzenbidearen filosofiaren kritikari ekarpena" lanean. Geroztik, erlijioaz aparte, herria eta jendea manipulatu eta kontzientzia gabe uzten duten tresna eta dispositibo guztiak izendatzeko erabili da, hala nola kontsumismoa.