Errealismoa (filosofia)

Filosofian, errealismo filosofikoa objektuaren eta subejktuaren arteko bereizketa ontologikoari buruzko teoria filosofikoen multzoa da, objektuen berezko existentzia, subjektuaren gogamenaz haraindi objektuak benetan existitzen direla, baieztatzen dutenak.

Erdi Aroko filosofiaren testuinguruan, errealismoa unibertsalek existentzia objektiboa dutela baieztatzen duen eskola filosofikoa da, nominalismoaren aurkakoa. Filosofia modernoan, berriz, errealismoa gauzak objektiboki, gure gogamenetik at, existitu egiten direla baieztatzen duen korrontea da, idealismoaren aurkakoa. Errealismo modernoaren aurka pertzepzioaren ilusioak argudiatu ohi dira, hala nola gauzen ezagutza zentzumenetatik jasota, objektu fisikoak gogamenaren emaitza besterik ez direla, eta beraz ez dutela independentziarik, beti gogamenari atxikiak direlako.

Korronte hauek bereiz daitezke errealismo filosofikoaren baitan:

  • Errealismo absolutu edo gehiegizkoa, unibertsalak izen eta kontzeptu soilak izateaz gainera, errealitatean existitzen direla, aktuan edo gauzatuak, mundu sentikorrean edo mundu transzendental batean, Platonek ezarri zuen bezala.
  • Errealismo moderatua, unibertsalak gogamenean dauden ideiak edo kontzeptuak direla, baina aldi berean errealitatean ere sustraiturik daudela baieztatzen duena.
  • Errealismo sineskor edo inozoa, zentzumenetatik pertzepzioa hartzean, objektuak diren bezala jasotzen ditugula baieztatzen duena.
  • Errealismo kritikoa, errealitateari buruzko ezagutza garatu egiten dela, inoiz benetan heldu gabe, hipotesitatik lege eta teoriak eratuz. Errealismo eszeptikoa da, neurri batean.