Errealitatea

Errealitatea (latinezko res hitzetik, "gauza") dagoen guztia da. Problema ordea, dagoena zer den zehaztea da. Ikuspegi desberdinak daude horri buruz: alde batetik, errealitatea pentsatua dela esan daiteke, eta horrela gizakiak dagoenari buruz duen irudi mentala litzateke errealitatea, beste alde batetik, errealitatea hauteman egiten dugun hori da beste batzuentzat, itxura duen guztia, baina ohartu behar da itxurazkoa den horretan benetan ez diren gauzak ere biltzen direla,  hautematen ditugun arren, ilusio optikoen kasuan bezala; azkenik beraz, errealitatea egiaz edo benetan dagoen hori litzateke, baina horrela errealitatea egiarekin identifikatzen dugu. Zailtasun hauek direla eta, filosofiaren historian errealitateari buruzko joera desberdinak izan dira, bi atal nagusietan biltzen direnak: errealismo filosofikoan errealitatea bertan daukagula eta beraz ezagutu dezakegula irizten da; aurkako joera da idealismoa, errealitateak existentzia materialik ez duela eta gure gogamenaren emaitza besterik ez dela baieztatzen duen joera.