Erreflexua (ekintza erreflexua)

Moro erreflexua, haur jaioberriek izaten dute, erortzeko arriskua sumatzean. Haurrak arazo neurologikorik duen egiaztatzeko erabiltzen da.

Erreflexuak edo ekintza erreflexuak estimulu baten ondorioz organismo batek dituen erantzun sinple eta berehalakoak dira, borondateak edo kognizioak eragiten ez dituztenak. Horren adibide bat sua eskuarekin ukitzean iztaen dugun berehalako erreakzioa da, eskua kenduz. Erreflexu edo ekintza erreflexuak ez dira burmuineko neuronek eragindakoak izaten, eta arku erreflexuaren mekanismo fisiologikoaren bitartez gertatzen dira gehienetan, bizkarrezur-muineko neuronen artean gertatzen diren sinapsien bitartez, burmuinera heldu gabe, eta hortik datorkie azkartasuna. Erreflexuen artean, erreflexu miotatikoak, gihar baten luzapenaren ondorioz gertatzen direnak; erreflexu begetatiboak, gihar batekin loturik ez daudenak (izerdia jariatzea, zakilaren erekzioa, ...), erreflexu primitibo edo arkaikoak, jaioberriek izaten dituztenak baino gero desagertzen joaten direnak (zurrupatzeko erreflexua, adibidez), eta azkenik baldintzapeko erreflexua, ikaskuntzaz garatzen direnak.