Eskalatzea (psikometria)

Psikometrian,  eskalatzea (ingelesez, scalingkonstruktoak eta aldagai ezkutuak neurtzeko baliatzen diren elementuak (test edo adierazle bat) kuantifikatzeko modua da. Adibidez, test bateko erantzunak azken puntuazioa emateko nola erabiliko diren eskalatzeari dagokio. Ohikoa da eskalatzea jarrerak (arrazismoa, adibidez) eta portaerak neurtu edo kuantifikatzeko. Adibidez, autoestimua neurtzeko erabiltzen den testa oinarritzat harturik azken puntuazio bat ematea eskalatzearen bitartez egingo genuke. Ohartarazi behar da eskalatzea ez dela galdera bakoitzaren erantzun-eskala edo neurketa-eskala zehaztea; adibidez, autoestimuari buruz eskalatzea ez da "Orokorrean, zoriontsua zarela esango al zenuke?" galderan erantzun posibleak "bai/ez" edo 0tik 10era bitartekoak diren zehaztea, baizik eta galdera hori autoestimua neurtzeko nola baloratzen den finkatzea.

Eskalatzea egiten denean, garrantzitsua da zehaztea aztertzen den konstruktoa dimentsio bakarrekoa edo anitzekoa den. Adibidez, garbi dago altuera dimentsio bakarreko konstruktoa dela, nahikoa baita erregela sinple bat pertsona baten altuera jasotzeko. Dimentsio anitzeko konstruktoa adimena litzateke, bi motako dimentsioak (hizkuntzazkoa eta matematikoa, esaterako) biltzen dituelako. Dimentsio anitzeko konstruktoetan nabarmen konplexuagoa da eskalatzea dimentsio bakarrekoetan baino.