Eskari agregatua

Ekonomian, eskari agregatua herrialde bateko eragile ekonomiko guztiek, izan nazionalak izan atzerritarrak,  prezio maila orokor jakin baterako erosteko prest dauden produktu eta zerbitzu guztien balioa da. Nazio osoari dagokionez, kontzeptu makroekonomikoa da. Osagai hauek ditu: familien kontsumoa (C, eta kontsumo pribatua ere deitua), enpresen inbertsioa (I), gastu publikoa (G) eta esportazio garbiak (esportazioak ken inportazioak, X-M):

    \[EA=C+I+G+(X-M)\]

Eskari agregatuaren kurba prezio desberdinetarako eskari agregatuaren balioa da, eta orokorrean joera beherakorra erakusten du: prezioen maila zenbat eta altuagoa, eskari agregatua jaitsi egiten da.

Eskaria agregatua eragiten duten faktoreak dira familia eta enpresen igurikimen edo espektatibak, politika fiskala (zergak igotzen badira, eskari agregatua jaitsi egiten da), interes-tasak (igo behar badira, eskari agregatua jaitsiko da), eta moneta-politika (zabalkorra bada, eskari agregatua handitu egingo da).

Ohartu behar da eskari agregatua ez dela eskari erreala, baizik eta aurreikuspen makroekonomiko bat. Herrialdeko eragile ekonomikoek benetan eskuratzen dituzten ondasun eta zerbitzuen multzoa Barne Produktu Gordinean jasotzen da.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, aggregate demand; gaztelaniaz, demanda agregada.