Eskola-segregazioa

Eskola-segregazioa edo hezkuntza-segregazioa ikasleak euren sexu, gaitasun edota maila sozioekonomikoaren arabera eskola eta gela desberdinetan segregatu edo banatzea da, hezkuntza haientzat modu desberdinetan garatuz (kontzeptu orokorroari buruz, ikus: segregazioa). Aurkako kontzeptuak dira hezkidetza eta eskola inklusiboa. Arraza, etnia eta jatorriaren araberako segregazioa ere izan da historian zehar, baina egun praktika horiek baztertu dira guztiz edo ia guztiz herrialde modernoetan. Edonola ere, segregaziorako argudiatzen diren arrazoi guzti guztiak dira bidegabeak: zientifikoki frogatu da aukera gutxiago dituzten ikasleen ikaskuntza-prozesuarentzat kaltegarria dela, eta euren autoestimua eta autokontzeptua kaltetzen ditu. Aldi berean, eskola-segregazioak gizarte inklusiorako politikak eragin gabe utzi eta gizarte esklusioa, marjinazioa eta diferentziazio soziala indartu egiten ditu.