Eskola zirenaikoa

Eskola zirenaikoa edo zirenaikar eskola Sokratesen filosofiatik eratorritako eskola filosofikoa da, Aristipo Zirenekoak (K.a. 435 - K.a. 350) sortua eta mende batzuetan zehar indarrean egon zena. Eskola zirenaikoaren ardura nagusia etika izan zen eta horren baitan hedonismoaren alde jo zuen, hots, plazera on nagusitzat hartzen duen ideiaren alde, eta epikurearrekin batera, ideia horren ordezkari filosofiko nagusiak dira. Epistemologian, enpirismoaren eta eszeptizismoaren bidetik jo zuten.

Aristipo Zirenekoaz gaienra, zirenaiko nabarmenak izan ziren bere alaba Arete, bere biloba Aristipo, Metrodidakta izenez ezaguna eta filosofia zirenaikoaren biltzaile nagusia, Hegesias Zirenekoa, bereziki horren ezkortasunagatik ezaguna eta zinikoengandik gertu egon zen Teodoro Zirenekoa, bereziki horren ateismoagatik ezaguna.